Dokumentuaren akzioak
Malandainek zuzenduta, bi emanaldi egingo ditu Ballet Biarritzek Donostian
Kubako Ballet Nazionaleko bi dantzarik ere parte hartuko dute asteburu honetako emanaldietan
Une derniere chanson balletaren koreografiarako Errenazimendu garaiko musika piezak aukeratu ditu Malandainek, «nahiz eta abesti batzuk gaur egungo haurrek oraindik abesten dituzten», koreografoaren berbetan. Aux marches du palais eta Le petit cordonnier dira abestiotako batzuk.
Azaroaren hasieran, Malandain Ballet Biarritz Kuban izan zen, Habanako Ballet Jaialdian dantzatzen. Thierry Malandain taldearen zuzendariak eta Alicia Alonso dantzari ohi eta koreografo ospetsuak elkarlanean aritzea erabaki zuten. Kubako Ballet Nazionala bere gidaritzapean izan du luzaroan, eta bera izan zen balletari zeukan kutsu tradizionala erauzi eta ballet klasikoa herrialdean indartu zuena. Gaur egun, 91 urte ditu Alonsok.
Malandain bi ikuskizunetan izan da Alonsorekin Kuban. Adierazi duenez, «jendaurrean agertzen denean jendea tente jartzen da, eta estatuburua balitz bezala txalotzen dute». Bere ibilbidean Malandainek horrelakorik «sekula» ez duela ikusi aitortu du. Izan ere, «Kuban soldatak apalak izan arren, balleteko sarrerek euro erdi baino gutxiago balio dute, eta jende guztiak dauka ikuskizunaz gozatzeko aukera». Baieztapena egiaztatzeko, «duela zazpi urte, Kuban izan nintzenean taxi bat hartu eta gidariak aurreko eguneko emanaldiagatik zoriondu ninduen», kontatu du Malandainek, beste inon gertatzea esperoko ez lukeena.
Malandain Ballet Biarritzen eta Kubako bakarlarien bi emanaldiak 20:00etan hasiko dira, eta sarrerak 30, 22 eta 16 euroan eskuratu daitezke.
Miyuki Kanei eta Daniel Vizcayo dantzariak. / OLIVIER HOUEIX
Dokumentuaren akzioak