Iturritik Jaialdia urriaren 15etik 20ra egingo da Donostian, eta bertan Kukai Dantza, Gero Axular, Eskola Dantza Taldea, Aiko Taldea, Aukeran Dantza Konpainia eta Berritza taldea arituko dira, dantza-ikuskizunak eskaintzeko.
“Iturritik zuzenean edaten duten sorkuntzak dira jaialdi honen protagonista. Iturria, jatorria, sustraia… inspirazio iturri da sortzaile ugarirentzat, eta jaialdi honek joera horren lekuko izan nahi du”.
Iturritik Dantza Jaialdian Euskal Herriko dantzariak arituko dira ikusgarriak eskaintzeko, eta horretaz gain, “pentsamendu zein formazioari bide emango dioten artistekin elkarrizketak, entsegu ireki bat eta master class-ak” izango dira.
Gaur berton, hilak 15, izango da lehen saioa Victoria Eugenia Clubean, Kukai Dantzaren Nire txokotik entsegu irekiarekin. Pieza honen izenburuak adierazten duen bezala, “Jon Maya dantzariak bere txokorik intimoenetik hitz egiten du ikuskizun didaktiko honetan. Euskal dantza tradizionalaren hastapenak gogoratuz, hainbat koreografo eta sortzailerekin egindako bilaketa lana eta kolaborazioak erakusten ditu. Hainbat pieza interpretatuz, sorkuntza horien pasadizoak eta zirrikituak kontatuz, sentsazio eta sentipen horiei hitza jarriz…”
Egunez eguneko saioak zertan diren jakiteko: Donostia Kultura.