Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Maitaldiaren eklektizismoak berriz ere dantzaz beteko ditu Biarritzeko txokoak

Dokumentuaren akzioak

Maitaldiaren eklektizismoak berriz ere dantzaz beteko ditu Biarritzeko txokoak

Irailaren 8tik 17ra ospatuko da Euskal Herriko dantza jaialdi garrantzitsuenetakoa. Biarritzeko Maitaldiak, ohi bezala, «eklektizismoa» du ezaugarri nagusitzat. Dantzaren munduan ezagunak diren konpainiekin batera, koreografo edo talde berriak deskubritzeko parada ere ematen du. Klasiko eta modernoarekin batera, proposamen ausartak eta ikusleak parte hartzera bultzatu nahi dituzten dantzaldiak ere izango dira 27. edizio honetan.
Egilea
Idoia Eraso
Komunikabidea
Gara
Tokia
Urruña
Mota
Albistea
Data
2017/07/04
Lotura
Gara

Thierry Malandain bere izena ere badaraman Ballet Biarritz konpainiako koreografoa izateaz gain, Maitaldiko zuzendari artistikoa ere bada azken urteotan. Aurtengo edizioari buruz galdetzean, «ohi bezala, balio ziurrekin batera, talde berriak deskubritzeko parada ematen duen programazioa» dela nabarmendu du.

«Zaila da definitzea; izan ere, edizio guztiak antzekoak dira, antzekotasunik izan gabe», gaineratu du. Hau da, urtero berritasun eta proposamen berritzaileak badira ere, aurrekoetatik ezberdintzen duten ezaugarririk ez du, baina jaialdiari ez dio inolako interesik kentzen horrek, eta hitzordu arrakastatsu eta saihetsezina bilakatu da Maitaldia. Ezaugarrietako bat dantzaren «ikuspegi polifonikoa» dela azpimarratu du.

Programatzailearen begiko taldeetako bat Israeldik datorren Kibbutz Contemporary Dance Company da. “Horses in the sky” obrarekin dator ohiko dantza taldeen dinamiketatik harago doan konpainia. Taldekideak elkarrekin Kibbutz Ga’atonen bizi dira, 300 biztanle besterik ez duen herrian. Rami Be’er koreografoa, bertan sortutakoa da eta dantzaria izan ondoren sorkuntza lana hartu zuen bere gain 1996. urtean.

Israeldarrek bigarren emanaldia dute soilik Estatu frantses osoan. Biarritzera etortzearen arrazoietako bat Martin Harriague da, dantzari eta koreografo baionarra Kibuttz konpainian ari baita orain, eta Lapurdin bi lan ezberdinekin eszenaratuko da. Kibbutzekoekin dantzatzeaz gain bere azken sorkuntza ere aurkeztuko du. Izan ere, iazko koreografia lehiaketan, bigarren postua lortu zuen, baita ikusleen eta prentsaren saria ere. Hori dela eta, 27. edizio honetan orain sortzen ari den koreografia estreinatuko du. Astebete darama Biarritzen orain hori lantzen, eta beste bi ariko da lanean egonaldian.

Berriz jaialdian

Systeme Castafiore da Malandainek bereziki nabarmendu duen beste taldea. “Theorie des prodiges” koreografia «magikoa» bezala definitu zuen, dantzaz gain irudietan oinarritua den proposamena baita.

Jaialdian presentzia errepikatzen dutenen artean dago azken hau, baita Adequate konpainia ere, “Job” lana aurkeztuz. Herve Koubiren konpainia eta Lasala dira beste biak. Lehena, “Les nuits barbares ou les premiers matins du monde” lanarekin etorriko da, eta bigarrena “Now” obrarekin. Taldeak berriz ekartzeko arrazoiak, lanaren kalitatearekin batera ikus-entzuleen artean izan duen harrera eta oihartzuna ere badira.

Gorputz adierazpena Euskal Herritik mundura

Maitaldiaren programazio anitzaren baitan, euskal presentzia ere bermatua da. Azken egunean izango da parte hartze nagusia, esaterako, Banako Battlen desfilearekin, non zortzikoaren erritmoaren inguruan bost taldek Gare du Miditik Bellevue plazarako ibilbidea egingo duten, Sustrai Colinaren eta Odei Barrosoren “bertso kronikak” lagunduta.

Judith Argomaniz karriketatik barnera pasatu da, “Now”-ren bitartez. Euskal koreografoak Amerikako arrano beltza hartu du inspirazio ituri. EliralE talde lapurtarraren “Bihotz 2” obra izango da euskal dantza garaikideari jaialdian tokia emango dion beste lana.

Lapurditik mundura irekitzen den leihoa ere bada Maitaldia, eta horren lekuko izango dira Kolonbiako Compañia de Danza de Bogota-k ekarriko duen “Natura Hominis”, Aterballetto italiarrak aurkeztuko duen “Golden days” edo Serbiatik datorren Dunja Jocic/Korzo Productions-en “Don’t talk to me on my sleep”.

Dantzaldiak izango dira aurtengo beste berezitasunetako bat. Okzitaniako Tolosatik etorritako La Baraque konpainiak dantzaldi-berbena antolatuko du irailaren 9an, Itsasargian. Ikusleak dantzan jartzeko, tailer bat emango dute egunean bertan goizean. Buleriak, sevillanak, tarantak, runbak... ikasteko parada izango da.

Dantzaren mundua barrutik ezagutzeko gunea ere bada festibala, horretarako proposamenak badira, Gilschamber Cie-k “Labyrinthe” lanaren entsegu publikoa egingo du irailaren 14an, eta egun berean Merce Conninghamen “La Danse en heritage” dokumentala izango da, baita Colette Rousserieren mintzaldia ere dantzaren “irakurketaren” inguruan. I. E.

Dokumentuaren akzioak