Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Maitaldia festibala berriz abiatuko da irailean

Dokumentuaren akzioak

Maitaldia festibala berriz abiatuko da irailean

Miarritzeko dantza jaialdiaren 33. edizioa irailaren 7tik 17ra eginen dute. Udalerriaz harago, Euskal Herriko beste hainbat herriren hunkitzeko xedea du.
Egilea
Leire Casamajou Elkegarai
Komunikabidea
Berria
Tokia
Miarritze
Mota
Albistea
Data
2023/07/04
Lotura
Berria

Askotariko ikuskizunak biltzen ditu Maitaldiak; irudian, CNDC-Angers zentroko dantzarien errepika publikoa, 2019ako edizioan.

 

Askotariko ikuskizunak biltzen ditu Maitaldiak; irudian, CNDC-Angers zentroko dantzarien errepika publikoa, 2019ako edizioan. GuiIlaume Fauveau

 

 

Maitaldia dantza festibalaren 33. edizioa aurkeztu dute goizean, Miarritzen (Lapurdin). Irailaren 7tik 17ra bitartean; guztira, 93 proposamen bilduko ditu jaialdiak, 250 artistaren eskutik, eta, Miarritzen ez ezik, Ipar Euskal Herriko hamar herritan ere erakutsiko ditu, baita Errenterian (Gipuzkoa) ere. Antolatzaileek jaialdiaren «historiari fidela den edizio bat» defendatu dute, herrien arteko harremanen eta ikuskizunen idazketa eta estetika aniztasunaren garrantzia azpimarratuta.

Maitaldian izango diren euskal ekoizpenetan Euskal Herriari lotzen zaizkion gaiei eta kulturaren ezaugarriei helduko dietela azaldu dute. Ahotsak obra, esaterako, festibalaren hirugarren egunean aurkeztuko dute, larunbatez. Ziomara Hormaetxe koreografoak pentsatu duen obra da; sortzez gernikarra da, eta bere herriak jasan zuen bonbardaketako azken lekukoen testigantzetatik osatu du Ahotsak.

EliralE konpainiak ere festibalean parte hartuko du, Pantxika Telleriak eramanik. Fuga! obrarekin «etorkizuneranzko atzera begirako bat» aurkeztuko du, hiru gizonek osatutako dantza taldearekin. Dantza garaikidearen filtrotik euskal sorkuntzari eta ondareari berriz lotzeko xedea duen emanaldia da.

Programazio zabala

Euskal taldeez harago, Maitaldian jasoko dituzten atzerriko konpainien izenak ere aitzinarazi dituzte, besteak beste, Italiako Aterballetto Dantzaren Fundazio Nazionala, Niza Mediterraneoko balleta, Rinheko Opera Nazionala eta Hessisches Staatsballet. 

Malandain Balletak bere erroak Miarritzen izatearen garrantzia azpimarratu dute antolatzaileek. Horren harira, proiektu berezi bat ere muntatu dutela jakinarazi dute, aurtengo jaialdirako pentsatua. Festibalaren hamar egunetan, Bardozen (Lapurdi), Donibane-Garazin eta Maulen emanen dute Mosaïque obra. Gainera, Thierry Malandainen Cendrillon «ballet enblematikoa» Niza Mediterraneoko balletak emanen du festibalean. Izan ere, obra hori Thierry Malandainen best-seller gisa definitu dute, mundu osoan 200 emanaldi baino gehiago egin dituela eta.

«Kodeez askatzen den gazteriaren» promozioa ere egin nahi dutela adierazi dute antolatzaileek. Bide horretatik, aktualitatea eta gaur egungo gizartearen problematikak lantzen dituzten dantza obrak ere programatu dituzte. Besteak beste, Olivia Grandvillen Débandade dantza garaikideko proposamena aipatu dute, maskulinitatearen gaia jorratzen duena. Baita Kiyan Khoshoieren Grand Écart ere, dantza eta umorea nahasten dituena langileen baldintzak ikuskizunaren zentroan jarriz. Eta Wiesbadeneko Darmstadt balletaren Gerade NOW! obra ere bai, Greta Thunbergen artikulu batek inspiratu duena.

Dantzaz harago

Maitaldia festibalak dantza ikuskizunez haragoko programazio bat eskaintzeko asmoa ere badu. Erraterako, festibalak irauten duen bitartean, filmen emanaldiak, konferentziak, hitzaldiak eta tailerrak ere antolatuak izanen dira, betiere, dantzaren inguruan.

Gainera, festibalak izanen duen dimentsio «ekoarduratsua» eta solidarioa aldarrikatu dute. Ekonomia lokal eta zirkularra sustatu nahi dute, besteak beste, artisten eta publikoaren garraio eragina murriztuz eta elkarren arteko gogoeta bat bultzatuz, besteak beste. Era berean, Beaver Dam konpainiak proposaturiko Yumé ikuskizunak, adibidez, natura kalteturik duen mundu bat eramango du eszenara, publiko gazte baten sentsibilizatzeko asmoz. Festibalari bukaera emateko, haurrei eta gurasoei begirako egun bat ere pentsatua izan da, itsasoen zaintzaren gaia ardatz izanen duena.

Dokumentuaren akzioak