Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Maitaldi eklektiko indartsua

Dokumentuaren akzioak

Maitaldi eklektiko indartsua

Maitaldia dantza jaialdia Miarritzeko baletak irekiko du, irailaren 4an, bere azken sorkuntzarekin

Egilea
Nora Arbelbide
Komunikabidea
Berria
Tokia
Miarritze
Mota
Albistea
Data
2004/08/27

Berez, gai tematikoak ez badituzte hainbeste gustuko antolakuntzan, aurten hala ere, dantzaldia gaia jorratzea pentsatu dute. Zentzu zabalean, Pizkundeko dantzalditik, dantzaldi herrikoietara, «ikuslea aktore» bilakarazten entseatuko dira, Jakes Abeberri Biarritz Culture elkarteko lehendakariaren hitzetan. Horretarako ikusgarri ezberdinetatik landa proposatuko diren dantzaldietan gelditzea eskatuko diote bisitariari.



Baina guztia hasi aitzin, erridauak Miarritzeko baletak irekiko ditu. Izarren odola, 14 dantzarik osatu obra lehen aldikoz aurkeztuko dute hain zuzen. Sorkuntza zazpi ahuntzen konstelazioaren mitoan oinarritzen da. Ekologia gaiaren alegia bat dela azaldu zuen Malandainek. Zailtasunak zituen koregrafoak bere lanaz mintzatzeko, oraino lan kotxia gelditzen baitzaio irailaren 4 eta 5ean taldea zinez prest izateko. Bi egun horietan Gare du Midi aretoan eskainiko dute beren lana. Larunbatean, hots 4ean, 21:00etan eta igandean 20:00etan. Reims-ko Grand Theatre eta Bilboko Arriaga antzokiarekin eraman koprodukzio bat da. Erridauak hesteko, 1950ean sortu Europa mailako izen handien arteko baleta den English National Ballet gomitatua dute. Bi emanaldi atxikiak dituzte irailaren 17 eta 18rako, beti ere Gare du Midi aretoan.



Bi hauen artean, aldizkatuko diren obretan, Genevako antzoki handiko baleta aurkitzen da. Philippe Cohenek zuzendariak ikuskizun ederra pentsatua du irailaren 10erako. Besteak beste, gutitan ematen duten Udaberriaren sakroa bertsio arras garaikide batean. Beste estilo batean, Georges Momboye Bolikostako koreografoak Boyakodah bere azken sorkuntza jastatzera emanen du irailaren 12an. Dantzarien bizitasunaren indarrak ikuslea inarrosi baizik ezin omen du.



Ariadone konpainiak, bere aldetik, irailaren 7an ikusgarri aski berezia emanen du. Spina talde bordelesaren rock tekno industrialak Butô dantza japonesean ariko diren emazteen gorputzetatik jalgi oihu mutuei oihartzuna eginen die, Carlotta Ikedaren zuzendaritzapean. Orotara, 13 bat konpainiaren lanak ezagutzen ahalko dira aurtengo Maitaldian. Bestalde, aitzineko urteetan bezala, hainbat Taulagain ideki iraganen dira, gehien bat parke publikoan. Konpainia ezberdinen sorkuntzen errepikak edo beste dantza emanaldiak gozatzen ahalko dira dohainik. Azkenik, usaian bezala, dantza izanen dutela gai, erakusketa, ikastaldi eta filmak ere programatuak dituzte.

Dokumentuaren akzioak