Uztailaren 15ean ospatuko da Mairuaren Alardea, herriko jaietako zapatuan, ohi den moduan, baina Xabier Legorburu elkarteko kideak gaineratu du hori posible izateko, herritarren parte hartzea beharrezkoa dela. Emandako datuen arabera, iaz 189 pertsonak hartu zuten parte, hala nola dantzariek, musikariek, fusilariek eta atzeko lanean diharduten makillatzaileek eta diseinatzaileek, eta uste dute horrek herriaren konpromisoa erakusten duela, kopurua "potoloa" delako. Halaber, egoera aldatuz doa, eta kontziente dira parte hartzeari eustea "kosta" egiten zaiela. "Jendea ja urtetan ari da Alardean parte hartzen, eta belaunaldi aldaketa behar da. Horiek guztiak sasoian daude oraindik, baina adinean aurrera doaz, eta aldaketa behar dute".
Adierazi duenez, herritar guztientzat da deialdia, baina batik bat gazteentzat, erantsi baitu gaztetxoek-eta parte hartzen dutela, baina nagusitu ahala utzi egiten dutela.
Antzuolako Udala ere bat
Udalak ere bat egin du. "Antzuolako ekitaldi inportante bat da, udalak babestu eta lagundu duen jendaurreko ohitura bat; bere antolakuntzaz ere urtetan arduratu da, eta orain elkarteko partaide da; alabaina, aurten, jendeak atzera egingo duenaren beldurra dago", azaldu du Beñardo Kortabarria alkateak.
Alabaina, Legorburuk adierazi du lehen hurbilpen batzuk egiten hasiak direla, eta aurretik parte hartu izan dutenekin kontaktuan daudela. Jakinarazi duenez, telefono bat jarri dute herritarren eskura, eta, beraz, interesa duenak 643 529 600 telefono zenbakira dei dezake. Horrez gainera, antzuolakoalardea@gmail.com helbide elektronikoa ere martxan dute, eta aurrez aurre informatzeko aukera ere izango da, mahai bat jarriko baitute apuntatzeko. Zapatuan izango da hori, San Isidro azokan, eguerdian; baina baita hilaren 19an eta 20an ere.
Mairua falta da
Herritarrek izena emateko aukera dute, baina elkarteko kideek ohartarazpen bat egin dute, gonbidapen batekin batera. "Mairuaren papera egiten zuenak iaz aldaketa eskatu zuen, eta urte guztian ibili gara norbaiten bila, baina oraindik ez dugu aurkitu; gonbidapena luzatzen dugu mairuaren papera egiteko". Gainera, erantsi dute norbait prest egongo balitz, alboan izango lituzkeela elkarteko kideak bidea elkarrekin egiteko. "Lagunduko genioke denen artean lan hori ahalik eta txukunen egiten".
Elkarteko kideek zein Udaleko ordezkariek argi baitute helburua Mairuaren Alardea mantentzea dela. Legorbururen arabera, "ondare kultural inportantea du", historiarengatik ez ezik, esate baterako, musikarengatik eta dantzengatik, eta horri eustea funtsezkotzat dute. "Gure ondarea da, herritar bezala bereizten gaituena, gure nortasuna adierazten duena; babestu beharreko altxorra da".