Dokumentuaren akzioak
Mairuaren Alarde dotorea egin gura dute, aurten ere
Iaz 180 bat lagunek hartu zuten parte, eta aurten, gutxienez, beste horrenbeste izatea aurreikusten dute antolatzaileek. Ez dute aldaketa esanguratsurik egingo: ibilbide bera egingo dute, ekitaldiaren egitura mantendu egingo da, eta kargu nagusiak ere lagun berek beteko dituzte. Joseba Iparragirre izango da kapitaina edo buruzagia, Juan Carlos Gomez Abd-Al Rhaman III.a eta Tzeitel Martin, danbor-jotzaileen gidaria. Mairuaren zutoihala Antonio Deograciasek eramango du. Gainerako parte-hartzaileek, berriz, askotariko eginkizunak izango dituzte: fusilariak, danbor-joleak, kanoi-eramaileak, mairuaren eta buruzagien guardia eta segizioa... Jakina, Oinaringo dantzariak, txistulariak eta abesbatza ere ez dira falta izango.
Azken entseguak
Antzuolarrek garrantzi handia ematen diote Mairuaren Alardeari, eta serio hartzen dituzte ekitaldia prestatzeko entseguak. Martitzenean egin zuten lehenengoa, eta asteon ere beste entsegu orokor bat egin dute, Herriko Plazan.
Berritu zutenetik, gero eta errotuago dago Mairuaren Alardea Antzuolan, eta kanpotik ere jende ugari etortzen da ikustera. Antolatzen isileko lanean dihardutenen meritua ere bada hori.
Abd-Al Rhaman III.a eta bere segizioko ordezkariak, alardeko buruzagiaren ondoan, iaz.
Dokumentuaren akzioak