Dokumentuaren akzioak
Maila handiko txapelketa aurtengoa ere Seguran
Dantza jaialdi bikaina izan zen, euskal ohiturek transmititzen
 duten giro paregabeaz, jendez gainezka zegoen Baratze pilotalekuan eta 
benetako protagonistek, dantzariek, maila aparta azalduaz.
Dantzariek beraien saioa egiteko beharrezkoa dute musika 
eta fandagorako Goierriko Isilkada taldeak eskaintzen diete urtero 
doinua eta erritmoa txistuz. Igandean 'Galar-tza' doinua estreinatu 
zuten. Arin-arina trikitixaz jotzen dute Joseba Iparragirre eta Ander 
San Josek, igandean 'Dantzari' piezarekin. Segurako dantza saioan 
ohizkoa da baita ere koreografia bat, epaileek sailkapena erabakitzen 
duten bitartean eskaintzen dena.
Jon Ibarguren eta Idoia Besadak (Azpeitia-Pasaia) 
osatutako bikoteak irabazi zuen igandean Seguran jokatu zen dantza 
solteko txapelketaren 35. ekitaldia. Sestaoko Arkaitz Pascuas eta Nagore
 De las Cuevasek bigarren postua eskuratu zuten eta hirugarren sailkatu 
ziren Hernaniko Xabier Segura eta Lierni Martiarena.
Faborito nagusien artean ez zeuden irabazleak, eta 
Arkaitz Pascuas eta Nagore de las Cuevas eta Xabier Segura eta Lierni 
Martiarena azaltzen ziren kiniela gehienetan. Dena den, Jon eta Idoia 
irabazleek dantza saioa bikaina egin zuten eta meritu guztiz irabazi 
zuten. Aurten aurrez irabazita zituzten Gipuzkoa eta Arabako txapelketak
 eta horrek azaltzen zuen maila onean ari zirela dantzan.
Ikusgarria izan zen igandean Alur Dantza Taldeak eskaini 
zuen saioa, Aiert Beobideren zuzendaritzapean eta Oreka TX-en 
musikarekin, 'Sork' deiturikoa.
 
 
Besada eta Ibarguren euren dantza saioa eskaintzen Goierriko Isialkada taldea lagun zutelarik. :: USOZ
Dokumentuaren akzioak
 
     
 
  
 
 
