Dokumentuaren akzioak
Maiatza dantzan hasi da
Dantza garaikidearen hilabetea izango da maiatza Beasainen. Maiatza Dantzan programaren barruan, hiru dantza ikuskizun iragarri ditu udalak. Gaur izango da lehenengoa, 19:00etan, Bideluze plazan: Esku-Harriak Oteizaren (H)aria. Izan ere, Beasaingo Udala, Sarea Euskadiko antzoki sareak antolatzen duen 2019ko dantza zirkuituko partaide da, eta urtarriletik abendura bitartean Euskal Herrian antolatu diren ikuskizunen zerrendaren barruan aurkitzen dira herrian antolatu diren maiatzeko hiru ekitaldiak.
Gaur, Mugmus Laborategiaren txanda izango da. Dantza eta mugimendua, zuzeneko musika, eskultura, bertsolaritza, soinuak, espazioaren tratamendua… hori guztia zehaztasunez uztartuta, Jorge Oteiza artista polifazetikoak bere ibilbide oparoan landutako imajinarioaren berrirakurketa bat egingo dute MugMus kultur laborategiko Jone Amezaga del Frago eta Josu Santamaria Fernandez dantzariek, ikusle-entzuleari eskaintzeko.
Aukeran eta Tio Teron
Bestalde, maiatzaren 10ean, Aukeran dantza konpainiak Biz Hitza ikuskizuna eskainiko du Usurbe Antzokian, 22:00etan. Kasu horretan, 10 euroko sarrera ordaindu beharko da. Hirugarren eta azken saioa, maiatzaren 24an izango da Erauskin plazan egiten ari diren eskenatokian. Tio Teronen Semeak taldeak Festamentua izeneko dantza saioa aurkeztuko du 19:00etan.
Dokumentuaren akzioak