Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Maiatza Dantzan antolatu dute Zumaian, hamargarrenez

Dokumentuaren akzioak

Maiatza Dantzan antolatu dute Zumaian, hamargarrenez

Astindu dantza elkarteak hilabete osorako egitaraua antolatu du aurten ere, eta besteak beste, flamenkoa, polinesiar dantzak eta muxikoak uztartu ditu. Datorren larunbata izango da abiapuntua: Astindu Eguna.
Egilea
Dorleta Agiriano Lai
Komunikabidea
Urola Kostako Hitza
Tokia
Zumaia
Mota
Albistea
Data
2021/04/26
Lotura
Urola Kostako Hitza

(Baleike)

Etxetik egin zuten iazko Maiatza Dantzan edizioa. Aurtengoan, ordea, egitarau zabala izango da herrian Astindu dantza elkartearen eskutik. Hamargarrenez heldu dio dinamikari, eta hilabete osoan zehar izango dira saioak. Larunbat honetan, maiatzaren 1ean, emango dio hasiera egitarauari: Astindu Eguna ospatuko dute egun horretan, eta polinesiar dantzak landuko dituzte Torreberri gaztetxean. Horren ostean, bazkaria egingo dute.

Edizio honetarako hainbat ikuskizun lotu dituzte Astinduko kideek: maiatzaren 8an flamenko ikuskizuna izango da Zumaienan, maiatzaren 23an Musika Eskolak emanaldia eskainiko du Odietan, eta maiatzaren 28an, Aukeran Dantza Konpainiak BizHitza ikuskizuna taularatuko du Zumaienan.

Emanaldiez gozatzeaz gain, baina, parte hartzeko eta dantza egiteko aukera ere izango dute maiatzean zumaiarrek. Larunbat honetan polinesiar dantzen tailerra gauzatu eta gero, beste bi tailer izango dira. Aurrez ere jakinarazi zuen modura, Astinduk dantza garaikide tailerra egingo du Torreberrin maiatzaren 16an, Dagaz ekimenari lotuta. Bestalde, muxikoak euskal dantzetan aritzeko aukera egongo da maiatzaren 30ean, Gernika parkean.

Solaserako abagunea ere izango da aurtengo Maiatza Dantzan edizioan, maiatzaren 12rako solasaldi bat antolatu baitute dantza elkarteko kideek. Aita Mari aretoan egingo dute, eta hain zuzen, Praktikatzearen plazerra eta ikustearen plazerra izango dituzte hizpide hizlariek. Eta ez hori bakarrik: maiatzaren 15ean Zumaia dantzan bideoa argitaratuko du BALEIKEk, baleike.eus web-orrian.

Egitaraua

  • Maiatzak 1, larunbata: Astindu Eguna. 10:00etan Torreberrin, Polinesiar dantza tailerra eta bazkaria.
  • Maiatzak 8, larunbata. 19:00etan Zumaienan, Momentuak. Flamenko katak flamenko ikuskizuna. Doakoa izango da sarrera, baina turismo bulegoan eskuratu behar dira txartelak maiatzaren 1etik aurrera.
  • Maiatzak 12, asteazkena. 19:00etan Aita Mari aretoan, Praktikatzearen plazerra eta ikustearen plazerra solasaldia. Doakoa izango da sarrera, baina turismo bulegoan eskuratu beharko dira txartelak maiatzaren 8tik aurrera.
  • Maiatzak 15, larunbata. Zumaia dantzan bideoa ikusgai baleike.eus-en.
  • Maiatzak 16, igandea. 11:00etan Torreberrin, dantza garaikide tailerra.
  • Maiatzak 23, igandea. 12:30ean Odietan, Musika Eskola dantzan emanaldia.
  • Maiatzak 28, ostirala. 19:00etan Zumaienan, BizHitza ikuskizuna. Turismo bulegoan erosi beharko dira sarrerak, maiatzaren 22tik aurrera.
  • Maiatzak 30, igandea. 12:00etan Gernika parkean, muxiko tailerra.

Dokumentuaren akzioak