Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Made in Heben" lelopean eginen da Xiruren 25. edizioa

Dokumentuaren akzioak

"Made in Heben" lelopean eginen da Xiruren 25. edizioa

Xiberoko musika eta sorkuntza jaialdia den Xiru festibalaren 25. edizioa ostiraletik igandera arte iraganen da Gotaine Iribarne eta Aloze Ziboze herrien artean. Aurtengo "Made in Heben" lemaren bitartez, tokiko ekoizpenen garatzea bultzatzen duen laborantza baten gisara, bertako ekoizpen eta sorkuntzak sustatuko ditu jaialdiak, "heben, hebentik, kultura eta konfitura lotuz". Musika, kantaldi, olerkigintza, dantzaldi, pilota partida eta beste hainbat ekimen antolatuko dira Xiberoan asteburu honetan. Bihar gauean "Made in Altzai" gaualdiarekin hasiko da jaialdia eta igandean egun osoko festarekin bukatuko.
Komunikabidea
Kazeta.info
Mota
Albistea
Data
2014/04/10
Lotura
Kazeta.info

Bihar gauean, Altzaiko karrikak alaituko ditu jaialdiak. Izan ere, bertako Nicolas Urruty, Jean Louis Aramburu eta Antton Etxebest antzerkilariak, Asisko Urmeneta marrazkilaria, Xavier Pinon argazkilaria, Tighri Uzar Kabiliako hiru emazte kantari taldea eta Altzaiko kantarien oritzapenean sortutako taldea herriko karriketan ibiliko dira gauean, herriko karrikak alaitzen.

Biharamunean, 11:00etatik goiti, laborantzaren artistak eta musikaren laborariak Mauleko merkatuan izanen dira. 15:00etan, Asisko Urmeneta filme egilearekin, Euskal Herrian egindako Gartxot pelikula emanen dute Gotaine Iribarneko elizan. 16:30tan, Uturzabala 9 obra estreinatuko dute Iribarnen, Ddiddue Etxeberri eta Kakotx Mauleko Xiberotar talde berriaren eskutik.

Gauean, Made in Heben gaualdia eskainiko du jaialdiak Gotainen, 21:00etatik goiti. Lehenik Uzesteko Lubat Konpainia osoak "Jazz-koina made in Gaskoinia" ikuskizuna eskainiko du, eta ondoren, Par-allèles hip-hop konapiniako Jamal eta Hosni M'Hannak dantza ikusgarria emanen dute.

Gaualdia bukatzeko, "Barbau Hamalau" Hebentiken sorkuntza berriaren aintzin ikusteko izanen da. Dominika Rekaltek idatzia, uztailaren 4 eta 5ean Ozozazen emanen da arte desberdinetako ikusgarria. 1914ko gerlako gaia izanen da hasierako ideia, "gerla guztietan jende debru ber-berak berpizten direlako"

Azken eguna " Ez mikrorik, ez transgenikorik" lemapean ospatuko da Gotainen. 10:30etan, pilotariek, dantzariek eta bertsolariek giroa alaituko dute, 12:00ko antzerkia hasi aintzin. Le Petit Théâtre de Pain konpainiak "Le regard de l’homme sombre" frantsesez aurkeztuko du.

13:30etan, Getariako arraina eta txakolina bazkaltzeko tenorea izanen da, eta 15:30etan, kantu-musika emanaldi berezia eginen da herriko plazan, Mixel eta Mathieu Mendiazabal, Amaren Alabak, Beñat eta Julen Achiary, Getariako Xabier Aldalur, Lubat konpainia eta Mobembo taldearekin.

Programazio osoa edo xehetasun gehiagorentzat : www.hebentik.blogspot.fr/p/xiru.html

http://www.kazeta.info/uploads/2014/04/aa-eta-ae-c-monbailly.jpg

Dokumentuaren akzioak