Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Macachinen 2022ko Euskal Aste Nazionalean: ikus irudi kronika (II)

Dokumentuaren akzioak

Macachinen 2022ko Euskal Aste Nazionalean: ikus irudi kronika (II)

Komunikabidea
Euskal Kultura
Tokia
Macachin
Mota
Albistea
Data
2022/10/11
Lotura
Euskal Kultura

 Txupinazoa eta suak Macachingo plaza nagusiko Euzko Alkartasuna hoteletik 2022ko Argentinako Euskal Aste Nazionaleko asteburua inauguratuz

Txupinazoa eta suak Macachingo plaza nagusiko Euzko Alkartasuna hoteletik 2022ko Argentinako Euskal Aste Nazionaleko asteburua inauguratuz
 

Macachín, La Pampa, Argentina.. Euskal Astea ofizialki urriaren 1etik 10era egin da, gauza jakina bada ere lehenengo egunak herri antolatzaile bereko lagunei begira antolatuak direla eta bigarren asteburua dela hiri antolatzailetik kanpoko partaideak biltzen dituena. Hala izan da Macachinen ere, eta urriaren 1ean, larunbata, jauzi eta aretoko dantza tailer bat eskaini zen, baita ondoko egunetan ere 'Euskal arkitektura: baserriak' erakusketa, astelehenetik ostegunera, eta konparazio 'Haritzetik calden-era' filma [bertako zuhaitz mota bat da caldena], bertako Euzko Alkartasuna EEaren historia bilduz. Asteazkenean hasi ziren iristen Euskal Herritik etorritako artistak, hala nola Hazparneko Joaldunak, Olentzeroren lagunak eta Barakaldoko Laguntasuna kultur elkarteko dantzari eta musikariak. Ostegunean 'Olentzero EHan' hitzaldia eskaini zuen Aitzol Salaberria Goñik, eta geroago pintxo-pote bat egin zen, eta festatxo bat Txoko Bar (sic) taberna berrituan, guztia beroketa gisa biharamunean egitekoa zen festa-asteburua abiatzeko txupinazo eta hastapenaren aurretik.

Ostiralean, urriak 7, arratsaldean, 'altxoarraren bila' jokoak euskara lantzea hartu zuen helburu, eta bildu ziren euskaltzaleak mugiarazi zituen herriko kaleetan barrena, pisten atzetik, saria eskuratzearren (goxokiak). Arrats beherarekin proposamenak ugaldu egin ziren eta Kultura Aretoan abesbatzen bilerari ekin zitzaion, Anchorenako abesbatza eta Coronel Pringlesko Eusko Biltzarreko korala partaide. Euskal Etxeko Liburutegian euskal etxeetako liburuzainak bildu ziren. Eta sinadura bat ere gauzatu zen, Mondragon Unibertsitateak, Eusko Jaurlaritzak, bertako kooperatiben federazioak tarteko, bi aldeen arteko lankidetza sustatzeko, kooperatiben arloan.

Talde bakoitzeko dantzari bana aurresku bateratuan

Gero abiatuko zen 2022ko Euskal Aste Nazionaleko asteburuari hasiera emateko ekitaldia, hautetsi eta ordezkarien hitzak tarteko, ikurrina eta bandera argentinarren mastaratzea, ereserkiak eta ohorezko agurraren dantza, partaide ziren dantza talde bakoitzeko dantzari bana elkarrekin, honako taldeen ordezkari: Bahía Blanca, Barakaldo, Laurak Bat, Cañuelas, Chacabuco, Chascomús, Chivilcoy, Euskaltzaleak, Arrecifes, Gral Rodríguez, La Plata, Macachín, Maipú, Mar del Plata, Necochea, Oihankide Taldea, Pergamino, Rosario, San Nicolas, Tandil, Tres Arroyos, Viedma, Villa Maria eta Concordia.

Hiriko intendente (alkate) Jorge Luis Cabak-en eta Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorzaren hitzen ostean, herriko plazan aizkolariari eraikitako estatua inauguratu zen eta plakak desestali ziren, hala nola Eusko Jaurlaritzak bertako Udalari eta 'Consejo Deliberante'ari eskainitako hiztuna, euren euskaldunekiko etengabeko jarrera eta laguntza eskertuz; eta Euskal Astea intereseko ekimentzat joz Diputatuen eta 'Concejo Deliberante'aren testua entregatuz. FEVAko lehendakari Arantxa Anituaren hitzen ondotik, ekitaldia bururatzeko, txupinazoa eta suak piztu ziren, bertaratutakoei euren lepoko zapi edo mokasenak eskuetan hartu eta airean higitzea eskaturik, kalejira musika abiatuz eta ofizialki festaren gailurraldiari ekinez.


Argentina osoko taldeetako dantzariek batera dantzatu zuten Agurra, Euskal Astearen pizgarri


Banderak mastaratzea Marian Elorzaren (Eusko Jaurlaritza) eta Tomás Vicenteren (Macachín EE) eskutik


Eusko Jaurlaritzak Macachingo herriari eskerrak emanez egindako plaka desestaltzea


Aizkolariari eraikitako estatua (eskuinean) desestaltzeko momentua


Kalejira eta kale dantzak txupinazoaren ostean Euzko Alkartasuna hotel aurrean, herriko plazan

 

Dokumentuaren akzioak