Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Luxuzko balet emanaldia

Dokumentuaren akzioak

Luxuzko balet emanaldia

Mariinski Antzokiko Baleta

Egilea
Jesus Mari Begoña
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Mota
Kritika
Data
2001/12/21

Liluratu egin gaitu Mariinski Antzokiko Baletak —lehen Kirov, lehenago San Petersburgo zena— Bilbora egin duen bigarren etorreran, aurten ere bi egitarau desberdin eskaintzeko. Ikusi dugun lehengoa belarri eta begientzako gozamena bihurtu zaigu. Hori izan da Prokofiev-en Romeo eta Julieta-ren kasua —dauden bost bertsioetatik klasikoena—, Lavroskiren koreografian oinarrituta dagoena eta 1940ko Sobiet Batasunean estreinatua.



Iaz baino trinkoagoa sumatu dugu taldea, eta emanaldia, betiko goi mailan. Shakespearearen tragediak mamu moduan funtzionatu zuen asmaketaren historian, baletaren hizkuntzara itxuraldatzeko zuen zailtasunagatik. Bilbon dastatu genuen bertsioa, dantza eta pantomimaren artean dagoen ondorioa da: dantzariek dantza klasikoa egitetik aparte, antzeztu behar zuten Prokofiev handiak eztabaida eta oztopo burokratiko askoen artean asmatu zuen partitura gogorra, dramatikoa eta zenbait tartetan lirikoa.



Horretan Boris Gruzin zuzendari musikalak leialtasuna azaldu zuen oso ondo jo zuen orkestraren aurrean, baliabide adierazkor anitzak erabiliz: aipagarrienak gatazka armatuen erritmo basatiak, Capultoen doinu azpimarkatua —metalezko eta perkusioaren lan konplexua—, hiletako paraden dramatismoa, metalezko fortissimo eta harizkoen pianissimoen kontrajarpenak...



Disziplina armoniotsua



Makar Vaziezen dantza taldeak disziplina armoniotsua goi mailara eraman zuen eszena kolektiboetan zein urratsetan, ikuspegi neoklasikoa osatuz edertasunaren bidetik. Bakarlarien artean nabarmendu behar ditugu Aiupova eta Fadeiev, Julieta eta Romeroren roletan. Biek pas de deux zoragarriak egin zituzten maitasunezko eszenetan. Kusnetsov, Teobaldoren rol indartsuan eta Merkurief, Mercuccio arlotezko malgutasunean, taula oneko aktore dantzariak dira.



Eszenografiaren aldetik, balio handikoak izan ziren erabilitako hondoko dekoratuak, hiletazko argiztapena azken eszenan, eta arte handiko garaiko arropa dotoreak. Ahaztuezinezko antzezpena izan zen, biziki gomendatzen dizueguna.

Dokumentuaren akzioak