Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Lurretik sorturiko inprobisazioa

Dokumentuaren akzioak

Lurretik sorturiko inprobisazioa

Martxoaren 13tik 16ra bitartean egingo dute 29. Dferia arte eszenikoen jaialdia. Amaia Elizaran tolosarraren ‘Ihir’ dantza ikuskizuna izango da estreinaldietako bat.
Egilea
Inaxio Esnaola
Komunikabidea
Irutxuloko Hitza
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2023/03/03
Lotura
Irutxuloko Hitza

Amaia Elizaran dantzaria eta Liam Ó Maonlaí musikaria dira ‘Ihir’ ikuskizuneko bi protagonistak. (Argazkia: Etanowski)

Dantzaria, dantza irakaslea eta yoga irakaslea da Amaia Elizaran (Tolosa, 1992). Denbora darama dantza garaikidearen esparruan sortzen, mugitzen eta bere bide propioa eraikitzen. Gaur egun, Irlandako Liam Ó Maonlaí musikaria du bidelagun. Arima ikuskizuna elkarrekin sortu zuten, eta izandako harrera onaren ondoren, esperientzia errepikatzea erabaki dute. Ihir ikuskizun berria martxoaren 14an eta 15ean estreinatuko dute Viktoria Eugenia Kluban. Dferia arte eszenikoen jaialdiko estreinaldietako bat izango da, eta dagoeneko bi emanaldietako sarrera guztiak agortu dituzte.

Jaialdiaren arabera, Ihir esperientzia iradokitzaile bat da, eszena pausatu eta delikatuagoekin pasarte boteretsu eta deigarriak tartekatzen dituena. Elizanaranen dantza pieza bakar batek, Ó Maonlaí musikariak asmaturiko soinu errepertorioarekin –pianoa, harpa zelta, txirula eta ahotsa erabiliz–, «giro paregabea sortzen dute».

Irlandarekin lotura zuzena du ikuskizunak. «Ihir hitzak lurra esan nahi du gaelikoz. Izan ere, lurrarekiko harremanean sorturiko ikuskizuna da, eta inprobisazioa du oinarri gisa. Denbora guztian lurrarekiko konexio bat dago. Aurreko lanari euskarazko izena jarri genion, eta oraingoan gaelikoz jarri diogu desio dugun hori lortzeko: Irlandara iristea», azaldu du Elizaranek.

2020an elkar ezagutu zuten Irlandan: «Erresidentzia artistiko batean izan zen. Han egin genuen lehendabiziko inprobisazioa, eta berehala konturatu ginen elkar erraz ulertzen ginela. Euskal Herrira itzuli eta sortzen aritu ginen. Horrela sortu genuen Arima, eta, orain, beste urratsa bat egin dugu Ihir sortzeko. Biak Irlandan eskaintzeko aukera izango dugu. Liam han oso ezaguna da, eta niretzat aukera paregabea da nire dantza garaikidea han erakusteko».

Aurretik, ordea, Donostian estreinatuko dute, eta Euskal Herrian emanaldi ugari egitea espero du Elizaranek. Hori lortzeko, Dferia arte eszenikoen jaialdian estreinatzea garrantzitsua da bikotearentzat. «Baikorrak izango gara. Dferia ondoren ikusiko dugu lanak zer nolako oihartzuna eta ibilbidea duen. Gustatuko litzaidake emanaldiak lortzea estreinatu ondoren. Era berean, banaketaren alorrean aritzen den norbait gure lanaz maitemintzea gustatuko litzaidake, eta hari esker ate berriak irekitzea», dio Elizaranek.

Doinuak eta mugimenduak

Sorkuntza prozesua proposamen batek piztu zuela dio Elizaranek: «Toki ez konbentzionaletan aritzeko aukera eman ziguten. Antzokietan izan beharrean, hall eta atondo gisako lekuetan. Horrela, probatzen eta inprobisatzen hasi ginen, doinuekin eta mugimenduekin. Bioi asko gustatzen zaigun prozesua da. Horrela hasi ginen Ihir sortzen eta forma ematen».

Argi zuten sorkuntza espaziora egokitu nahi zutela, eta pixkanaka osatu dugu dantza eta musika ikuskizuna. «Espazio bakoitzak inspiratzen gaituena izango da emaitza. Gainera, eszenografiarik gabeko ikuskizuna da, bidaiatzeko errazagoa», azaldu du Elizaranek.

Bukaerarik gabeko piezak gustuko baditu ere, hasiera eta bukaera bat du lanak. Horrela ere, «erabat irekia» dela nabarmendu du dantzari tolosarrak: «Gu bion arteko elkarrizketa bat da. Bera niri begira dago eta nik bera entzuten dut. Elkarrekin inprobisatzen dugu, elkar oso ondo ulertzen garelako. Dantzarako eta musikarako joera bera dugu. Gure estiloa dugu».

Dokumentuaren akzioak