Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Lurrari emandako ikuskizuna

Dokumentuaren akzioak

Lurrari emandako ikuskizuna

Egilea
Andoni Elduaien
Komunikabidea
Urola Kostako Hitza
Tokia
Azkoitia
Mota
Albistea
Data
2022/11/17
Lotura
Urola Kostako Hitza
'Pirinioen magalean' ikuskizuneko irudi bat. (Artxiboa)

Sahatsa dantza taldeak, Iraurgi abesbatzak eta Azkoitiko Udal Musika Bandak Oi, lur musika eta dantza ikuskizuna eskainiko dute etzi, Baztartxo antzokian. Baserri giroko lanekin eta ohiturekin zerikusia duten koreografia lanak taularatuko dituzte zapatuan. Era berean, Pablo Sorozabalen jaiotzaren 125. urteurrena gogoan izango dute, ikuskizunean haren hiru abesti txertatu baitituzte. Emanaldia ikusteko sarrerak doakoa izango da, eta beraz, herritar orok izango du Oi, lur ikusteko aukera.

Sahatsa dantza taldeak, Iraurgi abesbatzak eta Azkoitiko Udal Musika Bandak Oi, lur musika eta dantza ikuskizuna eskainiko dute etzi, 19:00etan, Baztartxo antzokian. Hiru taldeek bi urtetik behin eskaini ohi dute elkarlanean prestatutako ikuskizuna San Andres jaien bueltan, baina aurtengoan hiru urteko etenaren ostean dator.

100 lagun inguru igoko dira Baztartxoko oholtza gainera. Baserri munduan girotutako lan artistikoa aurkeztuko dute, eta eguneroko lan gogorrak eta neketsuak irudikatuko dituzte. Uztailean elkartu ziren aurreneko hiru eragileetako ordezkariak larunbateko ikuskizuna prestatzen hasteko, eta gaur, osteguna, egingo dute entsegu orokorra. "Egitaraua adosteko elkartu ginen uztailean, eta ondoren, partiturak bilatzen hasi ginen. Abuztuaren hasierarako guztia ixtea lortu genuen, eta irailean, bakoitza bere aldetik ikuskizuna prestatzen hasi zen", azaldu du Sahatsa dantza taldeko Juan Luis Lizabek. Urrian, berriz, kontrolak egiten hasi ziren hiru taldeak. "Musika bandaren eta abesbatzaren entseguetara joan ginen, partiturek gure koreografiekin bat egiten zuten edo ez ikusteko. Hilaren amaieran, berriz, musika bandak eta abesbatzak elkarrekin jo behar dituzten abestiak entseatzen hasi ziren. Behin kontrolak egin eta guztia ondo dagoela ziurtatutakoan, emanaldiaren astean hiru taldeok batera entseatzen dugu. Erritmoa bateratzen ahalegintzen gara azken aurreko entseguan, eta azkenekoan, entsegu orokorra egiten dugu, argiztapena eta soinua kontuan hartuta".

Baserriko lan horiek, baina, modu desberdinean erakutsiko dituzte; hala azaldu du, behinik behin, Sahatsako kideak: "Koreografiak modu erromantikoan eta alaian aurkeztuko ditugu. Industrializazioaren ondoren, baserrietako lan eta ohitura haietatik jolas, kirol-apustu eta dantzak sortu ziren, eta batik bat, horiek erakutsiko ditugu ikuskizunean". Ereserki ezagun batekin ekingo diote emanaldiari, Txanton Piperri abestiarekin, hain zuzen. Segidan, berriz, baserriarekin lotura duten pertsonaiak nabarmenduko dituzte. Esne banatzailearena da horietako bat. "Ilustratzaile batek Donostian egindako azoka batean XIX. mendeko esne banatzaile bat irudikatu zuen. Irudian, emakume bat ikus daiteke kobrezko marmita bat buruan eta oinetan eskalapoiak jantzita dituela. Egurrezko oinetako horiek takoiak dituzte, Kantauri aldean erabiltzen ziren tankerakoak. Ilustrazio oso kuriosoa iruditu zitzaigun eta ikuskizunean hari aipamena egitea nahi izan diogu".

Dore ilustratzaileak egindako esne banatzailearen irudian oinarritu dira Sahatsako kideak. (Sahatsa)

Baztango dantza eskainiko dituzte segidan, Eskalapoin dantza izenekoa. Halere, aurreko koreografiatik ez dira gehiegi urrunduko; izan ere, koreografia batetik besterako jauzia eskalapoiekin egingo dute. "Pentsatu genuen eskalapoien arloa ukituz bi elementuak uztar genitzakeela. Baztango dantzak ere eskalapoiekin egiten ziren, baina hangoek ez zuten izan ohi takoirik, lauak izaten ziren. Gainera, baserriko lanetarako erabiltzen zituzten eskalapoiak han, bai baratzeko, bai ukuiluko lanak egiteko. Baztango dantzaren erreferentzia grafiko bakarra Sección Femeninak [Falange Española alderdiaren emakumezko adarra izan zen] NO-DO albistegirako egindakoa da. Hain zuzen, Iruñeko dantza bati egin zioten dantza hura egiteko eskaria, 1962an. Erreferentzia hori bagenuenez, baliatu egin dugu".

Emanaldian erabiliko dituzte eskalapoi desberdinak eta marmita. (Sahatsa)

Baserriko ukitua, hasieratik amaierara

Baserri munduko gaia hautatu dute aurten antolatzaileek, eta baserri ukituko profila duten beste dantza pieza batzuk ere landuko dituzte amaierara bitartean. Segalarien profilari egingo diote aitortza lehenik. "Ederra gelditu den zatia da Segalariak. Abesbatza askok abesten dute Josu Elberdinen konposizioa, eta abesti horrek lagunduko dio gure koreografiari ere. Abestiak sega apustu bati buruz hitz egiten du. Bizkaiko zortziko dantzaren tankerakoa da, nahiz eta beste konpas bat duen. Erritmo ederra du, eta kantua zein koreografia oso indartsuak gelditu dira". Bestalde, 2017an kaleratu zuten Aita San Antonio ikuskizunaren zati bat ere berreskuratu eta moldatu dute larunbaterako. Baserritik belarra biltzera irteten zen egunetako bat islatuko dute zati horretan dantzariek. "Iruditu zitzaigun gaiarekin bat zetorrela, eta sartzea erabaki genuen. Abestiaren lehen zatia oso alaia da, jolasa irudikatzen duena. Bigarren zatian, berriz, belar biltzeko lanak irudikatuko ditugu". Oi, lur ikuskizuna Iraurgi abesbatzaren, Udal Musika Bandaren eta Sahatsaren parte hartzearekin amaituko da. "Amaiera oso indartsua eta bizia izango da. Pablo Sorozabalen Bigarren kalez kale abestia hautatu dugu emanaldia ixteko. Baserrietako tresneriarekin egiten ziren lanak ikusi ahal izango dira orduan, hala nola igitaiarekin eta laiarekin egiten zirenak". Halaber, fandango bat ere dantzatuko dute, festa irudikatzeko.

Sahatsaren koreografia guztiek Udal Musika Bandaren eta Iraurgi abesbatzaren doinuak eta ahotsak izango dituzte bidelagun. Dena den, abesbatzak eta musika bandak bakarkakoak ere eskainiko dituzte. Era berean, Pablo Sorozabal izango dute larunbatean gogoan, hura jaio zela 125 urte betetzen baitira aurten. "Sorozabali aitortza bat egin nahi izan diogu, eta haren hiru obra eskainiko ditugu. Abesbatzak abestuko du Bihotz bat abestia; abesbatzak eta musika bandak joko dute Rapsodia vasca; eta Bigarren kalez kale abestian hiru taldeok parte hartuko dugu". Dena den, bestelako konposatzaileen eta musika herrikoien errepertorio zabal bat ere entzun ahal izango dute herritarrek.

2019an aurkeztu zuten hiru taldeek Pirinioen magalean ikuskizuna, eta aitortu dute ordurako larunbateko ikuskizunaren zenbait "pentsatzen hasita" zeudela. Dena den, iaz aurkeztekoak ziren lana urtebete atzeratu zaie, eta horregatik, bukaera aldatu egin dute. "Ikuskizunak norabide berdina du, oro har, baina Sorozabalen piezak txertatu ditugu, koreografia biziagoa eta indartsuagoa onduz". Ikuskizun "berezia" izango dela adierazi du Lizabek, oraindaino ez baita "inon ikusi" antzerako ikuskizunik. "Gauza berria da eta kuriosoa izango da".

Egitaraua

  • Txantxon Piperri (Zapirain) – Iraurgi, musika banda eta Sahatsa.
  • Urrundik heldu naiz (B. Lertxundi) – Sahatsa.
  • Bihotz bat (P. Sorozabal) – Iraurgi.
  • Esne banatzaileak (Tagaeri – X. Zabala) – Sahatsa.
  • Eskalapoin dantza (Herrikoia) – Iraurgi eta Sahatsa.
  • Polka anticólera (J. Erviti) – Musika banda.
  • Segalariak (J. Elverdin) – Iraurgi eta Sahatsa.
  • Rapsodia vasca (P. Sorozabal) – Iraurgi eta musika banda.
  • Fandangoa – Sahatsa.
  • Aita San Antonio – Iraurgi eta Sahatsa.
  • Bigarrez kalez kale (P. Sorozabal) – Iraurgi, musika banda eta Sahatsa.

Dokumentuaren akzioak