Dokumentuaren akzioak
Lurra dantza taldearen garagardo festa hasiko da bihar Urretxun
Ostirala, larunbata eta igandean izango da, 18.00etatik aurrera, pilotalekuan
Bihartik aurrera Lurra dantza taldearen garagardo festa izango da Urretxuko Ederrena pilotalekuan. Asteburu osoan zehar, 18.00etatik aurrera, 20 garagardo mota eta Alemaniako jakiak dastatzeko aukera izango da.
Ekitaldi hau 2004an antolatu zuten lehenengoz. Lurrak urteko aurrekontua osatzeko dirua behar zuen eta, Ikatza argazkilari taldearen garagardo azokak Legazpin izandako arrakasta ikusita, Urretxun antzerakoa antolatzea erabaki zuen.
Ekimenak oinarri sendoak ditu eta urtero ehunka urretxuar eta zumarragar elkartzen dira Ederrena pilotalekuan. Bertan, garagardoa, janaria eta giro ona aurkitu daitezke. Duela bi urte dantza taldekoek kultur ekitaldiak ere eskaini zituzten, baina ez zuten harrera ona izan. Jendeak jatea, edatea eta lagunekin egotea estimatzen duela konturatu ziren. Hori dela eta, azken urteotan garagardoari eman diote protagonismo nagusia.
Hala, aurten ere garagardo mota asko dastatu ahal izango dira Urretxuko pilotalekuan. Lehen urteetan hamabi inguru eskaini ziren, iaz 17 eta aurten, berriz, 20. Horietako 19 barriletik zerbitzatuko dituzte eta bakarra botilan. Bisitariek pitxarra erosi beharko dute, euro batean, eta ondoren betetzera joan. Garagardo arruntak 3 euro balio du eta bereziak 3,5. Botilakoa, berriz, 2,5 eurotan salduko da. Ura eta kalimotxoa ere eskainiko dituzte: bata euro batean eta bestea 3 eurotan.
Aipatu bezala, jateko aukera ere izango da. Ohi bezala, Alemanian ohikoak diren jakiak izango dira protagonistak: ukondoa, saltxitxa gorriak eta zuriak eta Saxoniako solomoa. Horretaz gain, txorizo pintxoak, gazta eta patatak eskainiko dituzte. Ukondoa 11 eurotan salduko da, saltxitxak 2 eurotan eta txorizoa, gazta eta patatak bakarrean. Bi lagunentzako menuak 22 euro balio du.
Jendeak afaltzea eta tertulian egotea atsegin du, baina pantaila erraldoiak ere arrakasta izan ohi du. Aurten, urtero bezala, aurreko urteetako argazkiak, bideoak eta asteburuko kirol ekitaldiak izango dira ikusgai.
Esan bezala, ekimen honen helburu nagusia dantza taldearentzat dirua biltzea da. Lurrak 130 haur eta 30 heldu ditu egun. Hauentzat guztientzat arropak egitea eta irteerak antolatzea ez da batere merkea. Aurten, adibidez, helduak Hungarian izan dira. Urretxun, berriz, Dantzari Txiki eguna eta folklore jaialdia antolatu dituzte. Iaz azken ekitaldi honi bultzada ematea erabaki zuten eta aurten ildo beretik jarraitu dute. Hala, bigarrengoz lau talde ekarri dituzte. Aurten Zuberoa, Madrid, Malaga eta Errusiako dantzariak ikusteko aukera izan da.
Herritar bat, eskuan bi pitxar dituela, iazko festan.argazkia: lurra
Dokumentuaren akzioak