Lurdes Iriondoren pastorala, asteburuan lehenengoz ikusgai

Bihar (hilak 19) izanen da lehen hitzordua, 15:30ean, Sohütako Hoki auzoan. Ondotik, beste bi emanaldi ere eginen dituzte, leku berean: hilaren 24an, 20:30ean; eta hilaren 26an, 09:30ean. Leire eta Intza Casamajou Elkegaraik idatzi dute Lurdes Iriondori buruzko lana.

Egilea
Oier Iriarte Arrondo
Hedabidea
Kazeta
Lekua
Sohüta
Data
Lotura
Kazeta
Leire eta Intza Casamajou Elkegarai. (Artxiboko irudia)
Leire eta Intza Casamajou Elkegarai. (Artxiboko irudia) (Guillaume FAUVEAU)

Lurdes Iriondo (Donostia, 1937-Urnieta, 2005) kantari donostiarraren bizia du hizpide Leire eta Intza Casamajou Elkegarai ahizpek idatzitako pastoralak. Bada, hainbat hileko prestaketaren ondotik, heldu da ikusteko aukera. Izan ere, bihar, hilaren 19an, emanen dute lehen aldiz jendaurrean. Horretarako, 15:30ean finkatu dute hitzordua, Sohütako Hoki auzoan. 

Bi ahizpek Mediabask hedabideari azaldu diotenez, Iriondoren biografia 1960-1970 hamarkadetako Euskal Herrian sakontzeko era bat da, diktadura frankistari buru egin zion berpizkunde kultural baten aroa izan baitzen. Honakoa adierazi du Intza Casamajouk: «Bere biziak ahalbidetzen digu mintzatzea frankismoaz, zentsuraz, Ez Dok Amairu mugimendu kulturalaren hastapenaz, euskal kantugintzaz eta artisten profesionalizazioaren eztabaidaz». 

Bistan denez, ahizpak ez dira bakarrik ibili lana ontzen, beste zenbait herritarrek ere parte hartu dute: Battitta Berrogain errejenta, Jean Louis Aramburu eta Pascale Elichondoborde kantu eramaileak, Fabrice Pinque dantza eramailea, eta Sylvie Etchart eta Joelle Etchegoyhen jostun taldearen eramaileak. Urtarrilaz geroztik, 80 bat lagun aritu dira biltzen larunbateroko errepiketan, 16 dantzariak barne. 

Lea Etchegoyhenek emanen dio bizia Iriondori. Xiberoko Botzari adierazi zionez, «amiñi bat estresaturik» baldin badago ere, «izugarri kontent» da. Bere ustetan, nahiz eta kantaria «emazte inportantea» izan zen, besteak beste, Ez Dok Amairu taldean egindako ekarpenagatik, ez da aski ezagutua. Hori dela, aproposa iruditu zaio hari buruzko pastorala egitea. Artista gipuzkoarraren senarra zena, Xabier Lete, aldiz, Pinquek berak gorpuztuko du.

Emanaldiaz gain, U Txarangarekin girotzeko parada egonen da Sohütako auzoan. Dena dela, ez da lana ikusteko aukera bakarra izanen, beste bi hitzorduren berri ere eman dute eta. Hilaren 24an izanen da bigarrena, 20:30ean, eta Kalumek joko du ondotik. Hirugarrena, aldiz, hilaren 26an izanen da, 09:30ean, eta Punttu Kakotxek alaituko du.