'Lurdes Iriondo' pastoralaren beste bi emanaldi, ostiral eta igandean, Sohütan

Lurdes Iriondo (Donostia, 1937-Urnieta, 2005) kantari donostiarraren bizia du hizpide aurtengo pastoralak. Uztailaren 19an iragan zen estreinaldiaren ondoren, beste bi emanaldi eginen dituzte Sohütako Hoki auzoan: gaur, hilaren 24an, 20:30ean; eta hilaren 26an, igandearekin, 09:30ean.

Hedabidea
Kazeta
Lekua
Sohüta
Mota
Albistea
Data
2026/07/24
Esteka
Kazeta
Lea Etchegoyhenek emanen dio bizia Lurdes Iriondo kantariari.
Lea Etchegoyhenek emanen dio bizia Lurdes Iriondo kantariari. (Patxi BELTZAIZ)

Sohütako Hoki auzoan hilaren 24 honetan 20:30ean; eta hilaren 26an, igandearekin, 09:30ean, emanen dute Lurdes Iriondo (Donostia, 1937-Urnieta, 2005) kantari donostiarrari eskainitako pastorala.

Ostiraleko emanaldiaren ondotik, Kalumek joko du; eta hirugarrena bururatua, aldiz, Punttu Kakotxek ziurtatuko du besta giroa. 

Lea Etchegoyhenek emanen dio bizia Iriondori. Xiberoko Botzari adierazi zionez, «nahiz eta kantaria emazte inportantea izan zen, besteak beste, Ez Dok Amairu taldean egindako ekarpenagatik, ez da aski ezagutua». Hori dela, aproposa iruditu zaio hari buruzko pastorala egitea. Artista gipuzkoarraren senarra zena, Xabier Lete, aldiz, Fabrice Pinque dantza eramaileak berak gorpuztu du.

Leire eta Intza Casamajou Elkegarai ahizpek idatzitako pastorala Iriondoren biografiatik abiatzen da, 1960-1970 hamarkadetako Euskal Herrian sakontzeko aukera emanez. Diktadura frankistari buru egin zion berpizkunde kultural baten aroa erdigunean ematen du. Honakoa adierazi du Mediabasken Intza Casamajouk: «Bere biziak ahalbidetzen digu mintzatzea frankismoaz, zentsuraz, Ez Dok Amairu mugimendu kulturalaren hastapenaz, euskal kantugintzaz eta artisten profesionalizazioaren eztabaidaz». 

Battitta Berrogain izan da aurtengo pastoralaren errejenta, eta Jean Louis Aramburu eta Pascale Elichondoborde, berriz, kantu eramaileak. arestian aipatu bezala, Fabrice Pinque izan da dantza eramailea. Azkenik, Sylvie Etchart eta Joelle Etchegoyhen jostun taldearen eramaileak.

Urtarrilaz geroztik, 80 bat lagun aritu dira biltzen larunbateroko errepiketan, 16 dantzariak barne. Lan horren emaitzaz gozatzeko parada izanen da gaur eta igandean Sohütan.