'Lurdes Iriondo' pastorala, Hokiko gainetik
«Urtero, Euskal Herriko bazter guztietatik ehunka pastoral zale hurbiltzen gara Xiberoara pastoralaz gozatzera. Eta aurtengora, ezin faltatu, Leire eta Intza Casamajou-Elkegarai ahizpek idatzi duten pastoralaren süjeta edo protagonista, Lurdes Iriondo kantari ahaztezina izan baita».

Xiberoak eta pastoralak banaezineko bikotea osatzen dutela jakina da. Urtero heldu zaigu oihartzun eta iradokizun berriak plazaratuz, eta bertara hurbiltzen garen pastoral zale guztion bihotzak poztuz eta indartuz.
Usaia zaharra da, Xiberoan erro zabalak egin dituena. Erdi Arotik datorkigula diote batzuek, beste batzuek, berriz, zaharragoa dela aldarrikatzen dute, azken horien artean, Junes Casenave-Harigile idazle eta pastoral-egile handia izan zena, pastoralaren sustraiak eta hastapenak Neolito aroan ikusten zituena.
Modu batean edo bestean, gauza da urtero, Euskal Herriko bazter guztietatik ehunka pastoral zale hurbiltzen garela Xiberoara pastoralaz gozatzera. Eta aurtengora, ezin faltatu, Leire eta Intza Casamajou-Elkegarai ahizpek idatzi duten pastoralaren süjeta edo protagonista, Lurdes Iriondo kantari ahaztezina izan baita.
Beraz, ni ere Sohüta gaineko ordoki ederrean den Hoki aldera hurbildu nintzen pastoralaren magiaz blaitzera, 24an, ostiralez, eta arratseko tenorean; eta 26an, igandez, goiz-goizeko lehen orduetan. Aurten beroteak gure bizimoduaren antolamenduan agintzen du, eta ordutegi aldaketa hau, horri begira egin dute.
Sohüta eta pastorala
Sohüta (Soroeta zena) oso loturik izan da betidanik xiberotar kulturarekin, dantzarekin, kantuarekin, maskaradekin eta pastoralekin. 1927an jokatu zituen bi pastoralak dira ezagutzen dizkiegun zaharrenak, lehena 'San Andres' izenekoa, Pette (Leon) Salaberrek idatzia eta bigarrena 'Napoleon', J.P. Hegiaphalek idatzi zuena.
1954an, Etxahun Irurik idatzitako 'Eüskaldünak Ibañetan' famatua jokatu zuten. 1984an, Arotxaren eta Delgalarrondok elkarrekin idatzitako 'Aimunen lau semeak' izenekoa jokatu zuten. 2001ean, Jean-Louis Davantek idatzitako 'Xiberoko makia', Jean-Fabien Lexardoi izan zen errejenta eta Serge Gabaston izan zen süjeta. 2013an, 'Rene Cassin' jokatu zuten, Jean-Louis Davantek idatzia, Batitte Berrogain eta Alain Guimon izan ziren errejentak eta Dominique Pinque izan zen süjeta.
Eta azkenik daukagu, aurten jokatu dutena: Lurdes Iriondo, Intza eta Leire Casamajou Elkegarai ahizpek idatzia. Errejenta Batitte Berrogain izan da, Lea Etxegoihen süjeta, Fabrice Pinque Xabier Lete, Jean Louis Aranburu eta Pascale Elixondoborde kantoreen eramaileak, Fabrice Pinque dantza prestatzailea eta Sylvie Etxart eta Joëlle Etxegoihen arropa jostun buruak.
Lurdes Iriondoren biografia laburra
Lurdes Iriondo Mujika Donostian sortu zen 1937ko martxoaren 27an. Aita Ramuntxo Iriondo zuen eta ama Maria Mujika. Hamaika seme-alaba izan zituzten eta Lurdes bigarrena izan zen. Lurdesek zazpi urte zituela, familia osoa Donostiatik Urnietara bizitzera aldatu zen eta herri horretan eman zituen Lurdesek haurtzaroko eta gaztaroko urteak. Lehen ikasketak Urnietako serorekin egin zituen, frantsesez, eta gero Donostian jarraitu zuen. Lurdesek jende pobrea lagundu nahi zuen, eta horregatik hemeretzi urterekin, misiolari izateko prestatzen hasi zen Gasteizen.
Handik urtebetera medikuek bihotzeko eritasun larria aurkitu zioten, eta hortik aurrera, zorrotz zaindu behar izan zuen bere osasuna. Misiolari izateko ikasketak utzi eta denbora luzez etxean, atera gabe, egon behar izan zuen. Etxean eramandako denboraldi luze hori baliatu zuen musikagintzan trebatzeko.
Ume zenetik musika zale handia izan zen eta ahots gozoa eta garbia zuen. Familia giroan, askotan kantu zaharrak abesten zituzten, eta Urnietako txistulari taldean ere ibili zen. Donostiako akademia batean zazpi urtez aritu zen opera eta kantua ikasten. 1964an aitak gitarra bat oparitu zion, eta tresna hori esku artean zuela, Cecilio Espada ikaslearekin eskolak hartu zituen. Pittaka-pittaka, bere kantuak egiten hasi zen: erlijiosoak eta euskara eta euskal kulturaren ingurukoak. Horretan, Joseba Zugasti Urnietako apaizak laguntza handia eman zion.
Jende aitzineko lehen emanaldia 1964an eman zuen Andoainen, bertako ikastolaren aldeko kantaldi batean. Arrakasta handia harturik, gerora Tolosan eta Villabonan abestu zuen. 1965ean, Aizarnan ospatu zuten Gazteriaren Egunean kantatu zuen, arrakasta handia lortuz. Lehengusu zuen Joxemari Iriondo kazetariak Loiolako Herri Irratirako hainbat kantu grabatu eta hedatu zizkion. Laster oso ezagunak egin ziren Lurdes Iriondoren ahots eta doinuak. Orduz geroztik, Euskal Herriko herri eta txoko guztietan barna ibili zen kantari. Jakin badakigu, 1965. urtean berrogei kantaldi inguru eman zituela, beste hainbeste 1966an, eta hurrengo urtean, hau da, 1967an, 170 kantaldi inguru eman zituen. Berehala, topatu zen frankismoaren zentsurarekin.
1965ean, Ez dok Amairu taldearen sortzaileetako bat izan zen eta bertan, idazkari lanak egiteaz gain, kantaldi askotan parte hartu zuen taldeko gainerako kantariekin batera. Talde horretan ezagutu zuen Xabier Lete Bergaretxe kantari oiartzuarra, gerora bere senarra izan zena. Jadanik, ospe itzela zuen Lurdesek, eta jende asko hurbiltzen zen kantaldietara Lurdes Iriondoren kantuak entzun nahian. Talde horrekin batera ibili zen, 1972an taldea bereizi zen arte.
1967an lehen diskoa plazaratu zuen, 'Lurdes Iriondo' izena zuena, eta urte berean atera zen bigarrena. 'Lurdes Iriondo II'. 1968an 'Lurdes Iriondo III' plazaratu zuen eta hamabi kantu biltzen zituen Kanta zaharrak izenekoa. 1969an hiru izan ziren plazaratu zituen diskoak: 'Aur kantak', 'Lurdes Iriondo eta Xabier Lete', eta 'Lurdes Iriondo IV', bakarka. 1974an 'Lurdes Iriondo V' eta 1975ean 'Ipuiak' izenekoa, 1978an 'Ortzadarra' izenekoa eta 2006an, Elkar argitaletxeak bere antologia plazaratu zuen.
Haurrei begira, lan ugari idatzi zuen: 'Martin arotza eta Jaun deabrua', 'Sendagile maltzurra', 'Asto baten malura', 'Buruntza azpian', 'Hego-haizearen ipuinak' eta 'Lotara joateko ipuinak' ospe eta zabalkunde handia izan zutenak. Horietako batzuk antzerki moduan hedatu zituen.
2005eko abenduaren 27an hil zen Donostian, 68 urte zituela eta Urnietako hilerrian familiak duen hilobian ehortzi zuten. Orduz geroztik, asko eta asko izan dira euskal erakundeek eta herritarrek Euskal Herriko geografia osoan eskaini dizkioten aitortzak. Azkena hauxe dugu, aurten, 2026ko uztailaren 19an, 24an eta 26ean, Sohüta herriak jokatu duen pastoral eder eta gogoangarria; eta aitortza gehiago etorriko direlakoan nago, Lurdes Iriondo jadanik euskal historian ongi sustraitutako pertsonaia baita.
Pastoralaren nondik norakoak
Aurtengo pastoralak 22 jelkaldi izan ditu, lehen eta azken perediküak, 11 kantu (azken kantorea barne), bi sataneria, eta bizpahiru dantza. Ez da güdükarik izan, ezta artzain saiorik ere. Kantu gehienak Lurdes Iriondo eta Xabier Letenak izan badira ere, izan dira hiruzpalau Leire eta Intza Casamajou Elkegarai ahizpa pastoral-egileek egindakoak.
Azaldu diren pertsonaien artean, Lurdes Iriondo eta Xabier Letez gain, gure historian sobera ezagutu ditugun gizon-emakumeak agertu dira: Joxemari Iriondo, Joxan Artze, Nekane Oiarbide, Joxe Anjel Irigarai, Mikel Laboa, Benito Lertxundi, Piarres Larzabal, Mixel Labeguerie, Piarres Lafitte, Marian Arregi, Julen Lekuona, Jorge Oteiza, Etxahun-Iruri, Batitte Ürrüti, Manex Pagola, Maite Idirin, Pantxika Erramuzpe, Peio Ospital, Pantxoa Carrere… eta abar, horiek denak urdinen aldean, eta gorrien artean aipa ditzagun: Pilar Primo de Rivera falangista burua, Donato Leon Tierno 'La Voz de España' egunkari faxistako erredakzio-burua, Manuel Fraga Iribarne eta beste horrelako hamaika txori gaizto ere.
Jelkaldietan barna, pastoral-idazleek Lurdes Iriondoren gaztaroa, kantuz hasi zen garaia, Joxemari Iriondok Loiolako Herri Irratian grabatu eta hedatu zituen kantuak, lehen diskoak, zentsura frankistarekin izandako istiluak, Ez dok Amairu taldearen sortzea, Lurdes eta Xabierren ezkontza 1968an, Lurdesek Urnietako Egape ikastolan andereño moduan emandako urteak, haurrendako egin zituen ipuinak, kantuak eta antzerkiak eta azkenik, 22. jelkaldian, süjetaren heriotza. 237. bertsetan Lurdesek honela agurtzen du Xabier:
237.- Einerik nük izigarri eta / ni orain banoa Xabier.
Hik jarraik orano aitzina / beitük zer erranik eder.
Herriaren alte aitzina / zer eder idazten, Xabier.
Eta bukatzeko, arizale guztiek batera ohiko azken kantorea abestu zuten, ozen eta eder. Intza eta Leire ahizpek egina da eta Jean Louis Aranburuk musikatua. 'Soroetako altzotik' izena du, eta bertan sohütarrek euskal kulturarekin duten atxikimendua goraipatzen dute. Hiru koblaz eta errepikaz osatua da. Errepikak honela dio:
Berriz altxatü zaikü herria,
Xiberoko makiatik
Hokin-Hegiko Gaztelai peko,
Soroetako altzotik,
trajeriaren zaharretik,
gogo ütürri berritik,
berriz altxatü zaikü herria,
Soroetako altzotik
belarrek orano gordetzen düen
herroetako mintzotik.
Nire iritzia pastoralaz
Nik, hasieran erran bezala, uztailaren 24ko eta uztailaren 26ko pastoral saioak ikusi nituen, eta horietan oinarritzen naiz nire iritzia emateko orduan. Lehenik eta behin, zoriondu nahi ditut pastoral-idazleak, arizale guztiak, musikariak, dantzariak, kantariak, dendariak… eta gainerako guztiak, pastoral ederra egiten eta eskaintzen jakin dutelako.
Aipamen berezia egin nahi diet Lea Etxegoihen eta Fabrice Pinqueri, hau da, Lurdes Iriondo eta Xabier Leteren rola jokatu dutenei. Ez da erraza, inolaz ere, Lurdes Iriondoren abestiak kantatzea, eta Lea Etxegoihenek ederki kantatu ditu, ahots ederraz eta garbiaz.
Dena den, azken urte hauetan egiten ari diren zenbait aldaketa eta ezabaketez badut arrangura franko, gogoeta egitera bultzatu nautenak. Ez dut kritikarik egin nahi, ez baitut ene burua horretarako gai ikusten, baina bai azaldu nire gogoeta.
Azken urte hauetan ekarpen anitz izan dira, musika, dantza eta egituren aldetik, pastorala arrunt aberastu dunenak, baina izan dira beste batzuk, ene uste apalez, horren egokiak izan ez direnak.
Azken urteetan, Xiberoako bandera desagertu da, eta bakarrik euskal ikurrina agertu da. Ene irudikoz, biak jarri beharko lirateke. Deabrü jostakaria askotan ez da agertzen. Errejenta ez da agertzen, bere lana barnetik egiten baitu, eta banderatxo gorri eta urdinen jokoa desagertzen da. Iaz ez zen süjetaren heriotzarik izan, nahiz eta hautatutako süjeta kolektiboa izaki, neurri batez ulergarria izan. Aurten ez dugu güdükarik izan, errexenta barnean izan da eta publikoak horrenbeste maitatzen duen artzainen jokoa desagertu da guztiz. Ene ustez, horrelakoak eginik, pastorala ikusgarrien itxura hartzen ari da.
Junes Casenave-Harigile idazle eta pastoral-egile handiak askotan, ahoz zein idatziz, azaldu zuen zer zen pastorala eta zein ziren bere ezaugarriak eta elementuak. Gogoan dut orain Euskaltzaindiak 2011. urtean argitaratu zion Xiberoako antzerkia edo pastorala izeneko liburu gogoangarria.
Ene ustez, pastoral munduan ibiltzen diren xiberotar herrietako ordezkariak bildu eta koordinatu beharko lirateke batzorde edo komite arauemaile bat sortzeko, pastoralaren ezinbesteko elementuak definitzeko eta defendatzeko. Eta beharbada, aipatu dudan Junes Casenaveren liburua izan daiteke horretarako abiapuntu.
Pastorala ez da ekitaldi monolitiko bat izan behar, ukitu ezin daitekeena, ekarpenak eta berritasunak behar dira aldiro, baina gutxieneko egitura bat mantendu beharko litzateke, eta hori xiberotarrek egin beharko lukete. Nire gogoeta hau xiberotarrentzat pizgarri balitz, poztuko nintzateke, Xiberoak eta pastoralak geroaldi naro eta aberatsa merezi baitute.
Heldu den urtean, Zalgize, Iruri, Mendikota eta Ozaze herriek elkarrekin 'Roger Idiart' pastorala jokatuko dute, eta hortxe izanen dugu hitzordu berria Xiberoako pastoralarekin. Biba pastorala eta biba Xiberoa!








