Dokumentuaren akzioak
Lucia Lakarrak bere konpainia sortuko du
Bere belaunaldiko dantzaririk onenetakotzat jotzen dute Lucia Lakarra (Zumaia, Gipuzkoa, 1975). Urteak eman ditu Euskal Herritik kanpo, nazioarteko balletik eta antzokirik ospetsuenetan dantzatzen, eta bere ibilbide luzean dantzaren arloko nazioarteko sari nagusien aitortza irabazi du. Duela hiruzpalau urte itzuli zen Euskal Herrira, eta, orain, bere konpainia sortuko duela iragarri du Lakarrak.
Gipuzkoan kokatu nahi du ballet berria, eta bertako dantzariekin osatu, bai bere proiektuak aurrera ateratzeko, bai arte eszenikoei oro har bultzada bat emateko. Izan ere, ohartarazi du bera atzerrira joan zenetik euskal dantzarien egoera ez dela askorik hobetu.
Ikusi gehiago: Lucia Lakarra: «Mundu honek asko eman dit, baina nik ere dena eman diot»
Ekainaren 3an, Donostiako Kursaaleko auditoriumean dantzatuko da Lakarra, eta emanaldi horren aurkezpenean egin du iragarpena, gaur. Orain dela urtebete leku berean aritu zen, Matthew Golding dantzari kanadarrarekin batera, Fordlandia ikuskizuna aurkezten. Goldingekin igoko da oholtzara berriro ere, baina In The Still Of The Night ekoizpena eskainiko dute oraingoan.
2021ean Dormunden estreinatu zuten lana bi dantzariek, eta «betiereko maitasun istorio» gisa definitu dute. Hari esker, Max saria jaso zuen iaz Lakarrak, dantzako emakumezko interpreterik onenaren atalean. 20:00etan izango da emanaldia, eta sarrerak salgai daude dagoeneko.
Dokumentuaren akzioak