Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Lucia Lakarra, «printzesa baten antzera» dantzan Urteberri Eguneko Kontzertuan

Dokumentuaren akzioak

Lucia Lakarra, «printzesa baten antzera» dantzan Urteberri Eguneko Kontzertuan

Johann Straussen 'Danubio Urdina' balsaren doinuak lagundu ditu Vienan, Cyril Pierrerekin batera

Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2007/01/02

Zubin Mehta zuzendaria buru zuela, Orkestra Filarmonikoak egitarau aberatsa bezain ezaguna interpretatu zuen Urteberri Eguneko Kontzertu prestigiotsuan. Konposizioen artean Johann Strauss semeak 1876an sortutako Danubio Urdina izeneko balsa interpretatu zuten, Lakarrak eta Pierrek dantzarekin lagundu zuten pieza. Christian Tichyren ballet koreografia interpretatu zuten dantzariek, Schonbrunn jauregian jarritako bozgorailuetatik entzun zuten musikari jarraituz. Zuzeneko ballet hori 60 herrialdetako telebistetan ikusi ahal izan zen, eta, hortaz, milioika lagunek ikusi zuten.

Vienako jauregiaren luxuzko gela barrokoak izan ziren Lakarra eta Pierreren dantzatokia. Senarrarekin batera egindako agerraldi garrantzitsuarekin gustura azaldu zen atzo Zumaiako dantzaria. «Soinekoa lehenengoz jartzean, printzesa baten antzera ikusi dut neure burua, maitagarrien ipuinetan bezala», esan zion irribarrez Austriako ORF telebista kateari.

ZUZENEAN GRABATU DUTE DANTZA. 2002an Nijinsky saria lortu zuen Lucia Lakarrak, eta iaz, Espainiako Sari Nazionala. Balletaren barruan mundu zabaleko dantzari hoberenetakoa da, eta goranzko ibilbide horrek eraman du Vienako Orkestra Filarmonikoaren Urteberri Eguneko Kontzertuan parte hartzera. Atzo interpretatutako koreografia asko landu du aurreko egunetan bere dantza bikotekidearekin batera, orkestrak zuzenean jotzen zuela egin behar zelako dantzaren grabazioa. Danubio urdina-ren dantzarako egokitzapena urtarrilaren 8an jarriko dute salgai Europan, Vienako Filarmonikoak eskainitako egitarau osoarekin batera.

Balsak, martxak eta polkak osatu zuten batez ere egitarau hori. Iaz Mozarten jaiotzaren 250. urteurrena zela eta, konpositore horrek garrantzia izan zuen Urteberri Eguneko Kontzertuaren egitarauan, baina aurten Strausstarrek izan dute lehentasuna berriro, Johann Strauss aitak eta Johann eta Josef semeek. Bestalde, Josef Hellmesbergerren konposizio bat ere interpretatu zuten atzo, haren heriotzaren lehen mendeurrena gogoratzeko.

2.000 lagun bildu ziren Vienako Musikverein antzokiko Urrezko Aretoan. Aspaldian saldu zituzten sarrera guztiak; hango eserleku bat lortzea oso zaila izan ohi da. Zubin Mehta zuzendari indiarraren eta Orkestra Filarmonikoaren musikarien lanari oniritzia eman zioten ikusleek euren txaloekin. Zuzendariak soinu arinaren apustua egin zuen, malenkoniari muzin egin gabe.

Dokumentuaren akzioak