Dokumentuaren akzioak
Lucia Lakarra Maitaldian izango da, English National Ballet-eko dantzariekin
Benois eta Nijinski sariekin goraipatua izan zen Lucia Lakarra zumaiarra English National Balleteko eta Wiesbaden Ballet Operako hainbat izarrekin ariko da irekiera ekitaldian.
Gizonezkoz osatutako Grandiva baleta izango da ekainaren seiko ekitaldi horretako bigarren protagonista nagusia. Emanaldi horrek «Maitaldiaren ausardia» erakusten du, antolatzaileek esan dutenaren arabera, gizonezkoek emaku- mezkoen errepertorioko rolik garrantzitsuenak beteko baitituzte.
Dantza garaikideko hiru sorkuntza lan aurkeztuko ditu Maitaldiak Philippe Combesekin. Pantxika Telleriaren Elirale konpainia berriak, Suitzako dantza garaikidean ardatz den Philippe Saire taldeak eta Preljocaj Ballet ezagunak izango dute sorkuntza lan horiek erakusteko aukera.
Dantza garaikideaz eta klasikoaz gain, Maitaldia jaialdi eklektikoa izanik, dantza diziplina ugarik izango dute hitzordua Miarritzen. Hip hopa, esaterako, New Yorkeko Storm eta Christine Bastinek ekarriko dute.
Ikastaroak, erakusketa eta hitzaldiak
Maitaldia jaialdiaren 13. ekitaldiak irauten duen bitartean, hainbat hitzaldi izango dira Miarritzen. Tartean, Boris Trailinek eta Gerardo Mannonik egingo dute berba. Dantzaren inguruko erakusketa ere paratuko dute, horretarako, ordea, afizionatuei egin die eskaria antolatzaileek, beren lanak erakuts ditzaten.
Ikastaroen artean, berriz, Anne Laure Giroudek jazz ikastaroa emango du, garaikidea Pierre Jonhannek, klasikoa Monte Carloko dantzariek, eta fandangoak, Patxi eta Agnes Perezek.
Dokumentuaren akzioak