Dokumentuaren akzioak
Lucia Lacarrak giltza aurkitu du Bilbon
Aste honetan, asteazkenean eta ostegunean, Bilbo plato batean bilakatu da. Historian zehar arrakastatsuena izan den ballet klasikoko dantzari euskalduna, Lucia Lacarra, Bizkaiko hiriburuan ekoizten ari den narrazio zinematografiko baten protagonista da. 'The Key' Carlton Hotelean eta Foru Aldundiko Jauregian grabatu da eta datorren urtean estreinatuko da.
Pelikula honek bi pertsonen arteko amodioa kontatzen du. "Nire sentimenduak dantzaren bidez erakutsiko ditut", dio Lacarrak. Zinemarako bere lehenengo filmatzea "oso erronka handia" da zumaiarrarentzat. Grabazioa egiteko ideia Ken7-ren 'Ilargia' abestiaren Orkesta Sinfonikoaren moldaerarekin sortu zen. Grabaketak bi egun bakarrik iraun dituen arren, posprodukzioak hilabete batzuk behar izango ditu 3D-ko elementuak gehitzeko. "Asko disfrutatzen ari naiz proiektu honekin. Nire mundua modu desberdinean ikusten ari naiz", aitortzen du protagonistak.
Marlon Dino eta Lucia Lacarraren pertsonaiak oso lagun minak izan ziren haurtzaroan. Urteak pasa eta gero, berriro topatuko dira eta berriz ere mundu magiko batekin amesten hasiko dira. Bertara joateko, giltza berezi bat lortu behar dute. Bi protagonistez gain, pelikulan Amurrioko Udal Dantza Eskolako bi ikaslek parte hartu dute. Mikel Etxebarria (11 urte) eta Maria Iturbe (10 urte) aztikeriaz beteriko bi umeen azalean jarri dira eta haien helburua Dino eta Lacarra laguntzea da. Filmatzearen zuzendaria Oscar Andres da eta koreografiak Jon Ugarrizak prestatu ditu.
Lucia Lacarra gaur eguneko ballet klasikoko izenik garrantzitsuenetarikoa da nazioarteko mailan. Munich-eko Balleteko dantzari nagusia da eta sari ugari jaso ditu, Nijinski Saria eta Espaniako Dantza Saria, esate baterako. Marlon Dino, bestalde, bere pelikulako bikotea izateaz gain, bere senarra da.
Dokumentuaren akzioak