Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Lucia Lacarra zumaiarra Municheko Operako dantzari nagusia izango da

Dokumentuaren akzioak

Lucia Lacarra zumaiarra Municheko Operako dantzari nagusia izango da

Santanderko Jaialdian ariko da gaur, haren maisu Ullatek sortu zuen baletarekin

Egilea
EFE
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Santander
Mota
Albistea
Data
2002/08/23

Lucia Lacarra dantzari zumaiarra Municheko Operako izarra izango da heldu den astetik aurrera. Lacarrak Victor Ullate dantzari ohi eta koreografoak sortutako Madrilgo Komunitateko baletean egin zituen dantza munduan lehen urrats inportanteak. Duela bost urte, ordea, konpainia hori utzi eta Ameriketako Estatu Batuetara jo zuen, San Franciscoko baleteko dantzari nagusia izateko. Harrezkero, aise hedatu da bere ospea nazioartean, gaur egungo dantzari garrantzitsuenetako bat izateraino.



Orain, aldiz, Europara itzultzea erabaki dute Lacarrak, eta dantza bikote-lagun ere baduen bere senar Cyril Pierrek. ´Dantzaren arima bilatzekoª egin dute AEBak uzteko hautua, zumaiarrak adierazi duenez. Lacarraren aburuz, Europan datza bilatzen duen espiritu hori, Ameriketan teknikak eta lanak baitute lehentasuna, beste edozein balore artistikoren gainetik. ´Mimo gehiagorekin lan egiteko gogoa genuen, forma artistikoa gehiago zainduz. Gainera, Municheko Operan balet dramatiko guztien errepertorioa dantzatu ahal izango dugu, eta hori ezinezkoa litzateke San Francisconª, zioen atzo Lacarrak Santanderren.



Izan ere, Santanderko Nazioarteko Jaialdian ari dira parte hartzen egunotan Lacarra eta Pierre, Madrilgo Komunitateko baletarekin batera, gonbidatu berezi gisa. Gaur egun Eduardo Lao dantzariaren esku dago Ullatek sortu zuen konpainiaren zuzendaritza, urte hasieran izandako bihotz arazoengatik koreografo aragoiarrak lan egiteari utzi behar izan zionetik, hain zuzen ere.



Ullate: ´Ia gaixotu egin nintzen Lacarrak taldea utzi zueneanª



Edozelan ere, gertutik jarraitzen du Ullatek konpainiaren ibilbidea, eta gaur gauean ere bertatik bertara ikusiko du Lacarra berak zuzentzen zuen baletarekin Santanderko jaialdian.



Egiaz Ullateren dantzaririk kutunenetako bat izan da Lacarra, bere ´dantzako alabaª, eta zumaiarrak Madrilgo baleta utzi zuenean, ´ia gaixotuª egin zela aitortu izan du koreografoak.



Lacarrak berak ere nazioartean lortu duen fama Ullaterekin egindako urte eta lanari zor diela baieztatu zuen atzo. Hartara, Santanderko gaurko ikuskizunean bere maisu ohiarengandik jaso zuen ´energiaª eta ´estilo bereziaª erakutsiko dituela agindu zuen zumaiarrak. Lacarrak eta bere senarrak ikuskizun horretarako propio sortu duten koreografia bat jokatuko dute.

Dokumentuaren akzioak