Dokumentuaren akzioak
Lucia Lacarra Donostiara bueltan 'Fordlandia' ikuskizunarekin
Donostia – Lucia Lacarra dantzari gipuzkoarrak Fordlandia ikuskizuna aurkeztu zuen Donostiako Musika Hamabostaldian, baina pandemiak ezarritako murrizketak zirela eta, jende asko ikusi gogoz geratu zen. Orduan hartu zuen, ahal zuenean, obra horrekin berriro itzultzeko erabakia, eta datorren maiatzaren 22an Kursaalean izango da .
"Zertarako balio du, bestela, maitasunez eta bihotzez zerbait egiteak, zuk maite dituzunek ikusiko ez badute?", adierazi zuen Zumaiako artistak, berak eta bere bikotekide Matthew Golding dantzari kanadarrak, dan-tza, musika eta arte bisuala uztartzen dituen muntaia horren "emanaldi bereziaren" berri emateko prentsaurrekoan.
Itzulera horrek oso esanahi berezia du bientzat; izan ere, 2020ko irailean Dortmunden estreinatu zuten Fordlandia ikuskizuna eurek sortutakoa baita, konfinamenduko hilabeteetan gorpuztutakoa, Lacarra Zumaian zegoela eta Golding berriz Amsterdamen.
Muntaian ikusten diren irudiak Altin Kaftira artista bisualak filmatu zituen Herbehereetako baso batean eta Zumaiako flyschean, baita Dortmundeko antzoki huts batean ere. Dantzatzen dituzten sei piezetatik bost sortu berriak dira.
Horretarako, Anna Hop, Yuri Possokhov eta Juanjo Arqués koreografoak gonbidatu zituzten Lacarrak eta Goldingek. Chopin herrikidearen musika oinarri hartuta, Anna Hopek burutu zituen hasierako bi piezak, Stillness eta Close, "hutsean eta distantzian sakontzen dutenak".
Juanjo Arqués koreografo mur-tziarrarena da, berriz, Fordlandia, orain leku galdua den Henry Ford enpresariak Brasilen sortutako hiri utopikoari erreferentzia eginez; Pile of Dust ere berak egindakoa da, horretarako ere Jóhann Jóhannssonen musika erabiliz.
Eta amaiera ezin bikainagoa borobiltzeko, Arvo Pärt-en musika erabiliz Christopher Wheeldon koreografo ingelesak New York City Balleterako sortutako After The Rain.
Lana Kursaaleko auditoriumean eskainiko dute Victoria Eugenian aforo murriztuarekin aurkeztu ondoren
Dokumentuaren akzioak