Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Lucia Lacarra dantzariaren omenezko postrea egin dute Basque Culinary Centerreko ikasleek

Dokumentuaren akzioak

Lucia Lacarra dantzariaren omenezko postrea egin dute Basque Culinary Centerreko ikasleek

Basque Culinary Centerreko ikasle eta irakasleek Lucia Lacarra dantzariaren omenezko postrea egin dute: ‘Luciaren dantza’. Txokolatezko apaingarri batez osatuta dago eta honek dantzari baten mugimendua irudikatzen du sagar-konpotaz betetako sagar berdezko mousse baten gainean.
Komunikabidea
Naiz
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2023/05/16
Lotura
Naiz

 

Lucia Lacarra, ‘Luciaren dantza’ postrearekin.
Lucia Lacarra, ‘Luciaren dantza’ postrearekin. (Jon URBE | FOKU)

Basque Culinary Centerreko Jatetxeetako Gozogintzako eta Sukaldaritza Gozoko Masterreko ikasle talde batek eta BCCko irakasleek Lucia Lacarraren omenezko postrea egin dute, ‘Luciaren dantza’ izenekoa. Horrela, dantzaren artea eta gastronomia uztartu dituzte, dantzari zumaiarra inspiraziotzat hartuta.

Joxe Mari Aizega Basque Culinary Centerreko zuzendari nagusiak nabarmendu duenez, «erronka hau bi diziplinek bat egitearen emaitza da. Anna Pavlova dantzari errusiarraren izena duen Pavlova tarta ezagunaren bideari eta bilakaerari jarraituz, gurera ekarri nahi izan dugu, eta  postre berezi bat aurkeztu dugu, Basque Culinary Centerrek eta Lucia Lacarrak dituzten balio horiek goraipatzen dituena: bikaintasuna lortzeko xedea, grina, berrikuntza eta sormena». 

Dantzari baten mugimendua

Postrea txokolatezko apaingarri batez osatuta dago, zeinak dantzari baten mugimendua irudikatzen duen sagar-konpotaz betetako sagar berdezko mousse baten gainean; hala, Lacarraren jaioterri den Zumaiko fruta nagusia ordezkatu nahi izan da, sagarra. Bi konposizio horiek lila koloreko belus itxurako efektuarekin amaitu ziren, Lucia Lacarraren kolore gogokoena baita.

Moussearen inguruan, postreak honako hauek ditu: masusta eta mugurdi sorbetea, Genoako bizkotxoa eta pistatxo-crumblea, masusta krema, txokolate zuri, lima eta albakazko ganaxea, sagar berdezko jela eta mugurdi freskoak.

‘Luciaren dantza’ ikasleei jarritako sormen erronka baten emaitza izan da. Zumaiarrak berezko dituen sentsibilitatea, diziplina, pasioa, dotorezia eta dedikazioa transmititzeko, ‘Fordlandia’ ikuskizuneko dantza-pieza bat eskaini zien Lacarrak ikasleei Victoria Eugenia Antzokian, Matthew Golding dantzariarekin batera. Hori izan zen erronkari heldu eta proposamenak sortzen hasteko inspirazio eta abiapuntu. 

Erronkaren irabazleak Maria Nieves Pivaral, Elena Castro, Andrea Veronica Vieira eta Maria Ortega izan ziren; hiru aste eman zituzten postrea sortzen. Haien hitzetan, «postre honek Lucia eta haren ibilbidea omentzen ditu, bai eta guri eta dantzan ikusi duten milaka pertsonei oparitu eta transmititu dizkigun inspirazio, amets eta emozio horiek guztiak ere».

«Postrearekin oso identifikatuta sentitzen naiz, bere fintasunagatik eta indarragatik. Eta, batez ere, dituen testura eta geruza desberdinengatik, nik ere artista gisa bai baititut, eta nire bereizgarriak dira. Ikasleek asmatu dute postre zoragarri honen bidez Lucia Lacarra nor den adierazten», esan du dantzariak.

Asmoa ‘Luciaren dantza’ postrea aurkeztea da, mundu osoko jatetxeetako menuetan txertatuko den gozo bat izan dadin. BCCk errezeta ezagutzera emango du eta urratsez urrats nola egin azalduko du. Gainera, postre hau BCCko gune gastronomikoetakoren batean dastatu ahal izango da laster.

Dokumentuaren akzioak