Aurtengo azaroan Oinkari Dantza Taldeak 50 urte beteko ditu eta horren harira hainbat ekitaldi antolatzen ari dira: txokolatada, dantza-poteoa, "50 urte dantzan" ikuskizuna...
Ekitaldi gehienak azaroan izango diren arren, maiatzaren 10ean, larunbata, Lorezainen Konpartsa egingo dute eta horretarako entseguak otsailean hasiko dira.
Goian aipatu bezala, maiatzaren 10erako egun-pasa borobila antolatu du Oinkari taldeak. Goizean, herriko kaleak musikaz eta dantzaz alaituko dituzte eta parte-hartzaileen bazkariaren ondoren, Errebote plazan egingo dute emanaldia.
Hiru modutara parte hartu ahal izango da konpartsan: dantzari, danbor-jole edo pertsonaia moduan.
Dantzarien kasuan, entseguak larunbatetan izango dira Ikastolako Ganbaran 10:00etatik 12:00etara, otsailaren 8, 15, eta 22an, martxoaren 8, 15, eta 29an, apirilaren 5 eta 12an eta maiatzaren 3an. Dantzak bikoteka izango diren arren, bikoterik ez dutenen kasuan, antolakuntza saiatuko da dantza-laguna lortzen.
Danbor-joleek berriz, entseguak larunbatetan izango dituzte 11:00etatik 12:00etara Aljiben, martxoaren 8an hasita. Pertsonaiek, berriz, lehen elkarketa apirilaren 5ean izango dute 12:00etan Ikastolako Ganbaran. Kasu guztietan, izen-emateak lehen entsegu egunean izango dira eta dantzari eta danbor-joleen kasuan, parte-hartu nahi dutenek 16 urte beteta izan beharko dituzte.
Dantza taldearen urteurrenaren harira sortutako ekitaldia bada ere, parte-hartzea erabat zabala izatea nahi dute Oinkariko kideek, herrikoia. Beraz, saltsarako gogoz dagoen herritar orori egiten diete dei parte har dezan eta anima dadin.