Errealitatean ere uste baino hurbilago egon ziren bata bestearengandik, Ele obraren egileen arabera. “Lauaxeta bera Lorca zalea zen, eta bere garaian saiatu zen poeta andaluzagaz harremanetan jartzen”. Bata Andaluzian jaioa, bestea, berriz, Euskal Herrian jaiotako poeta abertzalea, biak ala biak gazte hil ziren askatasunaren aldeko borrokan.
Beraien obra da antzezlanaren ardatza, eta musika, irudiak eta antzerkia erabiliko dituzte janzteko. “Bi poeten obra hiru modu ezberdinetara erakutsi gura dugu: berbaren, dantzaren eta musikaren bidez”, azaldu du Josu Kamara zuzendariak. Hitzez Jon Maia eta Ana Salazar flamenko kantaria arduratu dira; dantzariak, ostera, Arkaitz Pascuas eta Angela Carbajo de Lera dira; bi munduetako musikak uztertzeaz, berriz, Gorka Hermosa eta Jesus Prieto “Pitti” arduratu dira. Argiztapena egileek zaindu duten beste alorretako bat da, izan ere, irudi prefabrikatuak egongo dira antzezlana laguntzen.
Josu Kamara, etxean
Zornotza Aretoko aurkezpenean Josu Kamara zuzendariak nabarmendu zuen areto horretan aritzea berezia izango zela. “Hemen egiten dut lan, eta hemen sortu dut, hau berriz etxera etortzea da”, esan du. Ele euskarazko berba izateaz gainera, adiera andaluza ere badu; beraz, izenburuak ere bi kulturen arteko zubi lana egiten du. “Guretzat emozio handikoa da antzezlana, eta hau Zornotzan ere horrela bizitzea gura dugu”, nabarmendu du.