Dokumentuaren akzioak
Londresko Euskal Elkartean aritu ostean, Ibarrako Alurr taldea dantzari truke bateko partaide Galizian
Ibarrako Alurr Dantza Taldeak emanaldia eskaini zuen Londresen apirilaren 2an, Londresko Euskal Etxeak gonbidatuta. Taldeko zortzi dantzarik eta hainbat musikarik ordubeteko emanaldia egin zuten. Besteak beste, dantza hauek egin zituzten: Xuletino, Polkak, Agurra, Fandangoa, Arin arina eta Banakoa. Taldearen ezaugarri nagusietako bat berrikuntza bada ere, emanaldi honen kasuan dantza tradizionalak eskaini zituzten, euskal etxeak hala eskatuta. Erakustaldiak lagun asko bildu zituen eta Londresko euskaldunek harrera ona egin zieten Alurr taldeko dantzari eta musikariei.
Atzerriari dagokionez, taldearen kanpoko hurrengo hitzordu garrantzitsua Galiziako Chantada herrian izango da, apirilaren 26tik 31era. Taldeko 25 dantzari gazte (11 eta 12 urte bitartekoak) joango dira bertara, 4 musikari eta 4 begiralerekin batera. Galizian euskal musikaren, dantzen, arropen, eta musika tresnen inguruko historia ezagutaraziko dute. "Esperientzia aberasgarria izango da, gazteen arteko kultur truke bat izango baita; oso baliagarria izango da bi kulturek elkar ezagutzeko, eta bi herrien arteko kultur harremanetan sakontzeko", diote Alurreko arduradunek.
Dokumentuaren akzioak