Dokumentuaren akzioak
Logela Multimediak 'Papiro... flexia!' estreinatuko du Dantza Zirkuituan
Hogeita bost taldek 29 lan emango dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 19 herritan, abendura bitartean
Egitarau zabala izango du Dantza Zirkuituak, Eusko Jaurlaritzak eta
tokian tokiko udalek finantzatuta. 300 bat mila euroko aurrekontua
baliatuz, elkarren artean arras desberdinak diren lanak emango dituzte,
jende guztiengana iristeko xedearekin.
Adibidez, Jinjo Crew talde korearraren azken lana izango da Dantza Zirkuituan: Translate. Talde horrek break
dancea egiten du. Ekimenaren antolatzaileen hitzetan, «dantzarien
hanken eta besoen mugimenduak sinkronizatzen dituen sinfonia handi bat
da» Jinjo Crewren azken sorkuntza. Taldea 2001ean sortu zen, Seulen, eta
ordudanik sona handia lortu du break dancearen eremuan. Elorrioko
Arriola aretoan (Bizkaia) izango dira apirilaren 10ean. Baina kaleko
dantzek tarte zabalagoa izango dute.
Izan ere, Logela Multimediak Zaragozako Circle of Trust break dance taldearekin ondu du Papiro... flexia!
deritzon lan berria. Obra horretan, bat egingo dute dantzak eta unean
unean sortutako irudiek. Orri zuri batetik abiatuko dira Circle of
Trusteko dantzariak eta Logela Multimediako bideo sortzaileak. Modu
batera zein bestera tolestuko dute orri zuria, eta konbinazio ugari
erakutsiko. Eibarko Coliseon emango dute estreinakoz, maiatzaren 6an.
Asier Zabaletaren Ertza konpainiak hiru lan emango ditu zirkuituan: Zoo eta Ostrukaren zuloa aurrez emanak dauzka Euskal Herriko hainbat tokitan; Act of God,
ordea, zirkuituan estreinatuko du. «Erlijioaren egungo kontraesanak»
agerian utziko ditu Zabaletak lan horretan. Ez du, baina, erantzun
zehatzik emango, «edozein umeren xalotasunetik eginiko galderak»
planteatuko ditu, «bizitzari eta fedeari buruzko gai garrantzitsuen
inguruan».
Organik eta Matxalen Bilbao
Natalia Mongeren Organik taldeak obra bi emango ditu: Maniatic@s eta Malditas. Eta Matxalen Bilbaok Sast! aurkeztuko du. Mikel Urdangarin musikariak eta Traspasos konpainiak sortutako Nora obra ikusteko aukera ere izango da.
Halaber, kantua, dantza eta musika uztartuz Amaren Alabek, Kukaik eta Oreka TXk elkarlanean osatu duten Hostoak ikuskizuna izango da zirkuituan. Kukaik, gainera, Sok(2) emango du. Eta Euskal Herriko dantza tradizionalen eremu horretan kokatuko dira Maritzuli konpainiaren Aurrez aurre eta Aukeran taldearen Jai Alai ere. Baita Argiaren Axuri beltza ere. Zirkuituan izango dira hiru lanak. Dantzaz taldeak Jone San Martinen Mintzo erakutsiko du; Ion Munduatek, Sin título, en colores; eta Olatz de Andresek, Trivolva.
Horretaz gain, Colombina's taldeak La presentación II emango du, eta Nats Nusek bi lan ekarriko ditu: Maps eta En attendant l'inattendu. Eliralek Otto emango du.
Amaren Alabak, Kukai eta Oreka TXren Hostoak ikuskizuna Dantza Zirkuituan izango da. / GARI GARAIALDE / ARGAZKI PRESS
Dokumentuaren akzioak