Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Lizartzako inauteriak gaur hasiko dira

Dokumentuaren akzioak

Lizartzako inauteriak gaur hasiko dira

Dagoeneko prest dituzte mozorro eta karrozak primerako inauteriak ospatzeko; gaur, gibel jatea izango da; ondoren, Otsolar dantza taldekoek emanaldia eskainiko dute
Egilea
Elisa Belauntzaran
Komunikabidea
Diario Vasco
Tokia
Lizartza
Mota
Albistea
Data
2014/02/15
Lotura
Diario Vasco

Aurtengoan, 21. aldiz Otsolar Dantza Taldeak Lizartzako inauteriak antolatu ditu. «1994. urtean berreskuratu genitueneko urtea garizuma garaian ospatu baziren ere, geroztik egutegi arruntetan markatzen diren inauteriak baino astebete lehenago ospatzen dira Lizartzan. Berez Pazko-igandea baino 8 aste lehenago, 56 egun lehenago zehazki Lizartzako inauteri-igandea. Jakina da Pazko-igandea udaberriko lehenengo ilargi betea den asteko igande horretan ospatzen dela. Urtero aldatzen da beraz inauterien data ilargiaren arabera» azaltzen dute Otsolar dantza taldekoek.

Aurtengoan ere egitarau oparoa prestatu dute gaur. Gaur, hilak 21ean, 22an eta 23rako dantza, kantu, mozorro eta umorerik beteriko inauteriak direla iragarri dute lizartzarrek. Taldeko kide eta laguntzaileek herritar guztiak animatu nahi dituzte festa honetan parte hartzera, «eguneroko kezka eta buruhasuteak egun batzuez ahaztu eta herri giroa alaitzeko asmoz. Herritarrez gain, eskualdeko jendea ere gonbidatu nahi genuke, festan murgildu, mozorrotu eta gozatzeko».

Horretarako egitarau oparoa prestatu dute. Gaur hasteko eta aspaldiko ohiturari jarraituz, eguerdiko 12:00etan inauteriei hasiera emango zaie gibela dastatuz, Udal ordezkariak eta txekorra plazan ditugula. Ondoren, antzerkia eta Otsolar dantza taldearen emanaldia izango da herriko pilotalekuan.

Udaletxe aurrean egin ohi da gaurko festa Lizartzan, baina «eguraldi txarra iragarrita dagoela eta pilotalekuan egitera erabaki dugu» aitortzen zuten atzokoan. Aurten ere, «antzerki lan bat eskainiko dugu bertan, txekorra eta gibela-jatea ardatza izango delarik. Gero, pregoiaren txanda izango da eta bukatzeko Otsolar dantza taldeko kideen saioa etorriko da» zioten atzokoan lizartzarrek.

Azken boladan, Otsolar dantza taldean «60 bat dantzari eta musikari gabiltza. 4 urtekin hasten dira gaztetxoenak eta hortik aurrera nahi duneak jarraitzen du nahi duen arte. Azken boladan nagusien taldea bultzatzen ari gara eta inauterietako saioan beraiek protagonismo berezia izango dute» zioten atzokoan.

Iluntzean berriz, 19:00etatik aurrera, kantu poteoa herriko inauteri kantuak abestuz izango da. Otsolar dantza taldetika ditzera eman dutenez «aurtengoan berrikuntza moduan, herriko inauteri kantuekin kantu poteoa antolatu dugu. Bertan,herriko musikari desberdinek azken urteetan idatziriko ihaute kantuak abestuko dira, herritar guztiak animatu nahi dituzte ekimen berri honetan parte hartzera, ihaute giroan murgiltzen hasteko».

Ostegunean ere, aurtengo inauterietako egitarauren baitan, iluntzeko 19:00etan: '1985ean Lizartzako dantzariak Galdakaon' bideo emanaldia izango da gunean.

Hurrengo asteburura beteta

«Gainerakoan, urteroko ohiturak ere ez dute lekurik faltako aurtengo egitarauean. Urtero legez, larunbatean, goizean, herriko txantxo eta dantzariak baserrietan zehar puska- biltzean ibiliko dira. Eguerdiko mozorrotuen kalejirak ere ez du huts egingo eta igandeari dagokionean, eguerdian dantzariek kaleko puska biltzea egin ondoren, herriko inauteri dantzen emanaldia eskainiko dute herriko plazan. Lizartzarrek igandean garbantzuak eta txekorra jatearen ohitura ere ez dute ahaztu nahi eta urtero bezala, igandean herriko pilotalekuan izango dute herriko bazkaria» azpimarratzen dute.

Ostiralean, arratsaldeko 14:15ean, Lizartzako herri eskolakoek antolatuta mozorro festa izango da. Ondoren, kalejira egingo dute eguraldi lagun badute herrian barna.

Larunbatean ohi bezala, goizeko 7:00etan, plazan elkartu eta kalejira Uetako zubitik dantzari, txantxo eta txistulariekin. 'Diana' abestuz hasiko dugu inauteria. 7:30ean: Puske-biltzea, dantzari eta txantxoak elkarrekin ospeletik.

Goizeko 9:30ean, Etxe-zahar baserrian geldialdia gosaltzeko. Eguerdiko 12:00etan berriz, mozorro, gurdi eta txarangen irteera Errota ataritik. Gero, 13:30ean, inauteri partaide guztiek kalejira, Arrateko zubitik irtenda. Ondoren, denok elkarrekin bazkalduko dute herriko frontoian. Arratsaldeko 18.00etan: Gurdi eta mozorroak Joxe Mariko aparkalekuan bilduko dira kalejiran plazara jaisteko, bertan sagardotegi ezberdinetako sagardoak eta 'Lizartzako talogileak' egindako taloak jateko aukera izango da.

Igandean, goizeko 11:00etan, Meza Nagusia. Ondoren, hamaiketakoa plazan. 12:00etan: Dantzariak kalean ibiliko dira puska biltzen gurdi, mozorro eta gainerakoekin batera. Gero, Lizartzako Ihaute Dantzak plazan. Arratsaldeko 14:00etan: inauteri bazkaria herriko pilotalekuan. Ondoren, txaranga, jokoak, zozketa. Iluntzeko 20:30ean: Plazan 'ijitoa' errez inauterien amaiera.

Lizartzako inauteriak gaur hasiko dira

Dokumentuaren akzioak