Urtero inauteriak bi asteburutan banatuta ospatzen dituzte Lizartzan, eta, aurten ere, horretan jardungo dute. Tolosako Inauterien aurreko bi asteburuetan izaten dute festarako hitzordua, eta, hortaz, pasa den asteburu honetan eta otsailaren 2, 3 eta 4an ospatuko dituzte. Ohitura zaharrekin jarraituz, lehen asteburuan Txekor Eguna egin zuten larunbatean bertan. Garai batean txekorra plazan hiltzen zuten, baina gaur egun antzerkia egiten dute frontoian, antolatzaileek azaldu dutenez. Igandean, gainera, herritarren bertso saioa eta Otsolar dantza taldearen emanaldia ere izan ziren, besteak beste.
Inauteri dantzak hurrengo asteburuan egingo dituzte, otsailaren 3 eta 4an, eta dantzak puska biltzearekin bat egiten du. Herriko dantzariak larunbatean baserriz baserri aritzen dira dantzan, eta igandean, berriz, herriko kaleetan egiten dituzte dantzak. Puska biltzean jasotako guztia gerora jaten dute, inauteriak eta gero, Puska Biltze Afarian, txantxo, dan-tzari eta laguntzaileen artean. Horretaz gain, beste hainbat ekitaldi jasotzen ditu asteburuko programak, Udaleko kideek jakinarazi dutenez. Larunbatean, mozorroen eta txarangaren irteera izango da 12.00etatik aurrera, eta herri bazkaria izango da frontoiean, 13.30etan. Arratsaldean, 18.00etan, frontoitik kalejira aterako da plazarantz. Bertan sagardotegi ezberdinetako sagardoak eta Lizartzako talogileak egindako taloak jateko aukera izango da.