Dokumentuaren akzioak
Lintx erre dute Legazpin, inauteriak amaitzeko
Hezur haragizko Lintxek eman zien hasiera ofiziala inauteriei Legazpin joan den ostiralean, eta Lintx panpinak agurtu zituen atzo, Euskal Herria plazan egindako ekitaldian sua eman ziotenean. Mozorroz eta festa giroz beteriko asteburu luzea izan da herrian.
Lintx iritsi aurretik hasi zen mozorro asteburua Legazpin, Ostegun Gizenean Doinua Musika eskolako ikasleek egindako kalejirarekin. Egun handia ostirala izan zen, bereziki arratsalde eta gau partean. Herriko ikasleen jaialdiak eta desfileak izan ziren hasteko, Lintx eta Katamaloak iritsi ziren ondoren, eta herritarren mozorroek eta karrozek hartu zituzten kaleak eta tabernak gero, goizaldera arte luzatu zen festa erraldoian.
Larunbatean izan zuen jarraipena festak Legazpiko Gazte Asanbladak antolatutako inauteri jaiarekin, aurten olinpiar jokoei eskainitakoa, eta igandea, Sustraiak dantza taldearen konpartsaren eguna izan zen. 35 urte betetzen zituen konpartsak aurten, eta Trapalata txarangak lagunduta, herri osoan zehar erakutsi zituzten dantzariek urte horietan guztietan kaleratutako dantzak eta doinuak. Goiz eta arratsaldez ibili zen konpartsa, eta amaitzeko, iluntzean Euskal Herria plazan elkartu, eta Lintx panpina erreta eman zieten amaiera aurtengo inauteriei.
Dokumentuaren akzioak