Dokumentuaren akzioak
Libertimenduak igandetik aurrera hasiko dira
Maskaradak abian dira, eta libertimenduak igandetik aurrera izango dira martxan dantzan.eus webgunean iragarri dutenez. Honela azaldu dute libertimenduen etorrera: "Neguan jaun eta jabe izan dira zirtzilak, baina udaberria hurbiltzen ari den bezala dantzariak agertuko dira plazetan. Aurrez aurre edo elkarrekin izango dira Euskal Herriko zenbait plazetan antolatu diren libertimenduetan dantzariak, zirtzilak eta bertsolariak. Dantza, antzerkia eta bertsoa dira inauteri hauetako ezinbesteko osagaiak. Dantzari dotore, garbi eta mutuek pixkanaka zirtzil ilun, zikin eta kritikoen lekua hartuko dute eta bertsolariek narratuko dute plazan gertatzen dena". Libertimendua Nafarroa Behereko hainbat herritako inauterietan egiten den artedrama da. XX. mendeko zenbait garaitan ohiturak indarra galdu bazuen ere, azken urteetan indarra hartzen ari dira. 2005etik ari dira plazaratzen libertimendua Donibane Garazin, segidan heldu ziren Amikuzekoa eta Bankakoa, eta urtetik urtera herri gehiagotan ospatzen dira. Nafarroa Beherean ez ezik, euren ereduari jarraituta, 2019an Iruinkokoa kaleratu zuten Iruñean eta aurten Añorgan ere ari dira prestatzen lehenengo aldiz. Igandean Baigurako libertimendua izango da Bidarraiko plazan, 10:00etan desfilea eta 10:30ean libertimendua. Eguraldi txarra eginez gero, aldiz, Makean egingo dute. Igandekoaren ondoren, honako hauek izango dira hitzorduak: Otsailak 13, igandea Otsailak 26, larunbata Otsailak 27, igandea Martxoak 5, larunbata Martxoak 12, larunbata Martxoak 13, igandea Garazin ere bazuten egiteko asmoa otsailaren 27an, baina bertan behera uztea erabaki dute, zirtziletan parte hartzekoa zen Leire Iribarne musikaria zendu baita pasa den astean. Gugan bego!
Dokumentuaren akzioak