Dokumentuaren akzioak
Libertimenduak
2022an Bidarrain, Donapaleun eta Hazparnen egindako argazkiak dira.
Zirtzilek beraien herrietan negua ongi okupaturik dantzariak menditik hurbiltzen zaizkigu berriz herrian ordena pixkat ezartzera eta pasa istorio ilunak baztertzera… Horizontean, eguzki izpiak, lurretik jalgitzen hasten dira eta zeruan gora altxatzen hasten udaberri seinale.
Bainan zirtzilak ez dira hain errexki kanporatzen eta baztertuak izan aitzin badaukute zer konta, zer ikasi eta zer kritika, haran bakoitzean pasa gertakari ilunetaz…
Politikoek, elkarteek, Elizak, enpresek eta zergatik ez joaldunek, denek izaten ahal dute zirtzilen begi xorrotx eta mihi bihurrien jomuga.
Partikularzki interesgarri iduritu zauzkit publikoarekin izaten diren harremanak eta jokoak, bai zirtzilen jarreran, bai eta dantzatzera gomitatuz bukaeran.
Polita da ere publiko berdintsua ikustea asteburuz asteburu, plaza ezberdinetara hurbiltzen.
Libertimendu batean parte hartu duten gazteek, gogotik ikusten dituzte beste herrietakoak ere elgar animatzeko eta ondoko urtean zer hobetu ikusteko...
Maitatu dut herri batean nola jende guztia elkartzen eta metatzen den, bazterrak hustuz eta argazki batzuk zentzu hortan egin ditut.
Bi atmosfera lortu nahi izan ditut erakusteko alde batetik zirtzil eta bertsulariek pasa negu hotz eta iluna eta bestalde musikari, bolante, dantzari, makilari… ekartzen daukuten argi berria, udaberriarena, beroagoa.
Garazikoa anulatua izan bada, beste herrietan bai dantzaz eta bai bertsotan ederki omendu dute Garaztar zirtzil maitagarria. Biziki hunkigarria izan da eta argazki hauek ere dedikatu nahi dizkiet Leire eta familiari.
Matiuzalem
Dokumentuaren akzioak