Dokumentuaren akzioak
Lezoko Maider Aginaga eta Ane Jaunarena dantzariek irabazi dute Soinu Zahar txapelketa
Elizalde dantza taldeak antolatutako kanporaketan 39 neskatxak parte hartu dute, bi sailetan banatuta
Lezoko Murixka dan-tza taldeko Maider Aginaga eta Ane Jaunarena dantzariek irabazi dute Oiartzungo Soinu Zahar txapelketako kanporaketa. Igandean, Oiar-tzungo Udalak lagunduta Elizalde dantza taldeak eta Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatuta jokatu zuten Oiartzungo kanporaketa Elorsoro kiroldegian eta bi dantzari horiek izan ziren epaimahaikideen ustez onenak.
Guztira 39 dantzarik hartu zuten parte Oiartzungo Soinu Zahar Txapelketetan: alde batetik, 11-14 urte bitarteko 22 neska, B sailakoak; 6-10 urte arteko 17 neska, A sailakoak, bestetik.
Dantzarien lana epaitzeko Euskal Dantzarien Biltzarreko Jose Luis Vallejo tolosarra, Nagore Indakoetxea errenteriarra eta izar Etxeberria oiartzuarra aritu ziren, Estibalitz Iturria idazkariarekin batera. Haien arabera, dantzari irabazleak hauexek izan ziren: Oiartzungo Soinu Zahar txapelketako B sailean: 1. Maider Aginaga (Lezo). 2. Nerea Sasiain (Elgoibar) eta 3. Enara Lertxundi (Villabona). A sailean, berriz: 1.Ane Jaunarena (Lezo) 2. Olatz Azkue (Lezo) eta 3. Ibone Alvarez de Velate (Lezo).
Iosune Cousillas Kultura zinegotziak, Jose Luis Vallejo epaimahaikideak eta Izar Etxeberria Euskal Herriko dantzari txapeldunak banatu zituzten igandeko sariak.
Maddi Nazabal aurkezleak oholtza gainean dantzan aritu ziren neska guztiak zoriondu zituen, amaieran; izan ere, egindako lana ez baitzen makala izan eta maila altua zutela erakutsi zuten. Txistularien lan bikaina ere goraipatu zuen, haiek gabe ez baitzegoen txapelketarik. Elorsoroko harmailetan bildu ziren ikusle-entzuleek txalo zartarekin eskertu zuten denen eginahala. Bukatzeko, irabazleek agurra eskaini zuten.
Dokumentuaren akzioak