Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Lekeitioko Kaxarranka, beste leku batean, baina arrakasta beragaz

Dokumentuaren akzioak

Lekeitioko Kaxarranka, beste leku batean, baina arrakasta beragaz

COVID-19a saihesteko segurtasun neurriek Abaroa jauregiko parkera eraman dituzte gaur [ekainak 29] Lekeitioko Kaxarranka eta Emakumeen aurreskua. Guztira, 170 herritarrek (70 bikotek) gozatu ahal izan dituzte San Pedro Eguneko ikuskizunak.
Egilea
Eider Mugartegi
Komunikabidea
Lea-Artibaiko Hitza
Tokia
Lekeitio
Mota
Albistea
Data
2020/06/19
Lotura
Lea-Artibaiko Hitza
 

Ohiko San Pedro Egunik ezin izan dute ospatu gaur [ekainak 29] lekeitiarrek. Hala ere, ohitura zaharrei eustea lortu dute, eta ohiko lekuetan ezin izan bada ere, Kaxarranka eta Emakumeen aurreskua ez dira falta izan. Euriak ere mehatxatu ditu jaiak, eta une batez bazirudien jaia hondatuko zuela, baina euri artea aprobetxatuta egin dute dantzan Asier Uskolak eta Etorkizuna dantza taldeko neskek.

Guztira, 170 herritarrek (70 bikotek) gozatu ahal izan dituzte San Pedro Eguneko ikuskizunak Abaroa parkean. Zozketa bidez egin zuten aukeraketa; 190 eskari egon ziren. Zorionekoak 11:00etarako ilaran egon dira, ate parean, sartzeko gogoz. Ateak ireki direnean hasi du zirimiria eta zain egon dira atertu arte. Gero, antolatzaileen laguntzagaz, sartzen joan dira, bakoitzari zegokion aulkietara. 11:30ak pasatxo entzun dira lehen txistuak, eta arraunlariek eutsitako kaxa gainean ailegatu da Asier Uskola aurtengo kokapen berrira. Justu amaitu du dantzaldia, zirimiria hasi zaio azken doinuan, baina aurrera egin du, eta ikusleen txalo zaparradak jaso ditu.

18 urte darama Lekeitioko Kaxarranka dantzatzen Asier Uskolak, eta aurtengoa “arraroena” egin zaiola aitortu du. “Dantza herrikoia da, herritarrek asko bizi dutena, eta ingurua jendez beterik egotea berezia da”, azaldu du. Dena dela, “pozik” hartu du dantzan egin ahal izateko aukera, eta esker ona erakutsi diote herritarrek.

Kaxarranka amaitu eta berehala irten dira dantzara Etorkizuna dantza taldeko zortzi neskak. Bedar gainean egin dute dantzan gaur, eta tentuz ibili behar izan dira, bedarra bustita zegoen-eta. Hala ere, urtero modura, dantzaldi dotorea eskaini dute. Gainera, herriko arraunlariak atera dituzte neskek gaur, soka dantzara, bai eta Uskola ere.

Abaroa parkekoa, baina, ez da izan gaurko emanaldi bakarra. Goizean, 08:30ak aldera, Kaxarranka eta Emakumeen aurreskua egin dira bai eta ere, kofradia zaharraren barruko patioan, San Pedroren irudiaren aurrean. Ekitaldi horretan udal ordezkariak, kofradiako arduradunak eta elizako ordezkariak egon dira.

Dokumentuaren akzioak