Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Lekeitioko Kaleka Kale Arteen Jaialdia uztailaren 9tik 11ra izango da

Dokumentuaren akzioak

Lekeitioko Kaleka Kale Arteen Jaialdia uztailaren 9tik 11ra izango da

Jatorri ezberdinetako hamabi ikuskizun eskainiko dituzte asteburu horretan. Dantza, zirku, keinu-antzerki, piroteknia eta bestelako emanaldi motak izango dira.
Komunikabidea
Gaztezulo
Tokia
Lekeitio
Mota
Albistea
Data
2021/06/24
Lotura
Gaztezulo

Lekeitioko Kaleka Kale Arteen Jaialdia uztailaren 9tik 11ra izango da

Osasun larrialdiak bertan behera utzi zuen iazko edizioa, baina bueltan da Lekeitioko Kaleka Nazioarteko Kale Arteen Jaialdia. Hogeita hamaikagarren edizioa uztailaren 9tik 11ra egingo dute. Asteburu horretan jatorri ezberdineko hamabi ikuskizun izango dira Lekeitioko kaleetan, eduki, formatu, eta hizkuntza anitzetakoak.

Txile, Katalunia, Gaztela eta Leon, Valentzia, Madril eta Euskal Herriko konpainia eta kolektiboek hartuko dute parte jaialdian. Dantza, zirku, pailazo, keinu-antzerki, esperimentazio espazio, piroteknia eta su ikuskizunak izango dira egitarauan. Egitarau osoa jaialdiaren webgunean dago zintzilikatua.

Kalekak hiru lan-lerro ezberdindu ohi ditu eta horretarako atal bana dute: Kaleka Ofiziala, Kalekaz Blai eta Kaleka Scratch. Kaleka Ofizialak formatu ezberdinak lantzen dituzten konpainia eta kolektiboen lanak batzen ditu. Kaleka Scratchek garapen edo sorrera prozesuan dauden lanak batuko ditu eta edizio honetan Madrilgo Maximo Optimo konpainiaren Minimo Pesimo ikuskizuna eskainiko dute. Kalekaz Blai atalak, berriz, herritarren parte hartzeari bideratutako ekintzak proposatzen ditu. Aurten Urdaibaiko Txitatoki Zirko Eskolaren zirku tailer irekia antolatu dute. Ikasleek erakustaldia egingo dute eta ondoren edonork probatu ahalko ditu zirkuko teknikak.

Lekeitioko kale arteen jaialdiaren oinarri nagusienetakoa “artista eta ikusleen arteko harremana izaten da”. Bizi dugun egoerak baldintzatu egingo du hori baina antolatzaileek jakinarazi dutenez, “modu desberdinak landuko dira ikusleak ere ikuskizunaren parte sentiarazteko”. Kalean ospatuko dute ohiko moduan, baina babes neurri guztiak zorroztasunez beteko direla azaldu dute. Hiru gunetan banatuko dituzte ikuskizunak: Abaroa jauregiko lorategia, plaza baltza eta eskolako jolastokia.

Sarrerak aurrez
Ikuskizunek edukiera mugatua izango dute eta sarrerak emanaldia baino bi ordu lehenago hartu ahalko dira ikuskizuna izango den gunean bertan. 

Dokumentuaren akzioak