Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Leire Retegi txistulari leitzarrak jaso du XI. Donostiako Orfeoia-Musikene saria

Dokumentuaren akzioak

Leire Retegi txistulari leitzarrak jaso du XI. Donostiako Orfeoia-Musikene saria

Leire Retegi leitzarrak jaso du XI. Donostiako Orfeoia-Musikene saria, Leitzako txistulariek egindako bidea ikertu eta ezagutzera emateagatik. «Melodia batzuk belaunaldiz belaunaldi igaro eta gaur egunera iritsi dira», nabarmendu zuen Retegik saria jasotzean.
Komunikabidea
Naiz
Tokia
Leitza
Mota
Albistea
Data
2024/10/23
Lotura
Naiz
Leire Retegi (erdian), sari emate ekitaldian.
Leire Retegi (erdian), sari emate ekitaldian. (DONOSTIAKO ORFEOIA)

 

Leire Retegi txistulari leitzarrak astearte honetan jaso du XI. Donostiako Orfeoia-Musikene saria, Musikeneko ikasketa amaierako lanagatik: ‘Leitzako txistularien errepertorioa, Angel Alduntzin eta Miguel Angel Sagasetaren bidez: interpretaziotik eskuizkribuetara’. Saria Donostiako Orfeoiaren egoitzan bertan jaso zuen, 20.00etan abiatu zen ekitaldian.

Saria jasotzean Retegik nabarmendu zuenez, bere lanaren helburuetako bat Leitzako txistulariek egindako bidea ezagutaraztea izan da, «Angel Alduntzin, bere garaiko txistularirik ospetsuena, eta Migel Angel Sagasetaren errepertorioan oinarrituta. Nire ikerketaren bidez –jarraitu zuen–, Leitzako herritarren eta bertako txistularien artean eraiki den batasuna ezagutu ahal izan dut. Melodia batzuk belaunaldiz belaunaldi igaro dira eta gaur egunera arte iritsi dira».

Retegik ikasketen amaierako lanek «ikerketa, pentsamendu kritikoa eta askatasun intelektuala» bultzatzen dutela ere azpimarratu zuen, eta esan zuen horiek funtsezko elementuak direla bizi garen gizartean, «sare sozialek eta adimen artifizialak menderatzen duten gizarte honetan».

Leire Retegi Fernandez Leitzan jaio zen 2002an. Bertako Aralar Udal Musika eskolan hasi zituen txistu ikasketak Javier Irigoienekin, Iruñeko Pablo Sarasate Kontserbatorioan segida eman zien Garaine Jorajuria eta Aitor Urquizarekin (gradu amaierako sariarekin), eta joan den ekainean Musikenen Goi Mailako Musika ikasketak bukatu zituen Aitor Amilibiaren gidaritzapean.

Gaur egun, Francisco Escudero Kontserbatorioan pianoko espezialitateko Gradu Profesionala egiten ari da Loreto Aramendirekin. Euskal Herriko Unibertsitatean Irakasleen Prestakuntza Masterra ikasten ari da, Soinueneako herri musika eskolan txistuko irakasle da eta Leitzako Aurrera dantza taldeko txistularia da.

Donostiako Orfeoia-Musikene sariak bederatzigarren edizioa bete du aurten, eta 2014an Orfeoiak eta Musikenek sinatutako lankidetza-hitzarmen baten emaitza da. Hitzarmen honen helburua Musikeneko ikasleen artean Euskal Herriko musika ikerketa sustatzea eta bultzatzea da.

Dokumentuaren akzioak