Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Lehenengo eguna da hoberena»

Dokumentuaren akzioak

«Lehenengo eguna da hoberena»

Irantzu Uriz, Amaiur dantza taldeko kidea

Egilea
Iker Frias
Komunikabidea
Berria
Tokia
Iruñea
Mota
Elkarrizketa
Data
2006/07/07

Irantzuk egun oso lanpetua dauka, egun osoan gauza mordoa egin behar baitu: dantzatu, bazkaldu eta parranda amaigabea Iruñeko ostatuetatik barrena. Hori guztia gorputzak eta nekeak uzten badio, noski. Baina, hori egin aurretik, arrantzale dantza dantzatu eta gero, gure galderei erantzuteko tartea izan du.

Iritsi da egun handia.

Bai, Iruñeko jendearentzat eta baita kanpotik heldu direnentzat ere txupinazoaren eguna oso garrantzitsua eta polita da. Sanferminetako egunik ederrena da, nire iritziz.

Zergatik da hain egun ona eta berezia?

Jaietako lehenengo eguna denez, gorputza ez dago nekatuta eta nahiko ongi irauten du. Gainera, beste modu batez hartzen da, beste indar batekin... Ez dakit nola azaldu.

Neke handia sortzen al dute sanferminek?

Bai, egun guztietan ateraz gero, festa bukaerarako neka-neka eginda egoten naiz. Festetako egunen batean etxean gelditzea ongi etortzen da. Gorputzak ere atseden hartu behar du.

Txupinazoa eta gero dantzatzera?

Bai, ni Amaiur dantza taldean ibiltzen naiz . Urtero bezala, uztailaren 6an, txupinazoa jaurti eta gero, Foruen plazan Iruñeko hainbat dantza talde elkartzen gara eta hainbat dantza dantzatzen ditugu.

Baina dantzariez gain, ikusleei ere dantzatzeko aukera ematen diezue, ezta?

Bai, emanaldiaren amaieran txistulariek eta dultzaineroek Larrain-dantza joko dute. Horrela, ikusleak ere dantzara sar daitezke, nahi izanez gero.

Jende asko dago zuen emanaldia ikusten.

Bai, guretzako ohitura bihurtu da egun hau, eta badirudi jendearentzako ere ohitura bihurtu dela. Gainera, aparteko eguraldia egiten duenez, jende gehiago hurbildu dela uste dut.

Eta dantzaldia akituta?

Dantza taldekoek jatetxe batean lekua hartu dute, eta hara joango gara bazkaltzera. Urtero gauza bera egiten dugu, lehenik hemen Foruen plazan dantzatu, eta gero, denok elkarrekin bazkaltzen dugu.

Dantza taldean oso giro ona duzuela ematen du.

Bai, giro paregabea dugu, eta lagun onak egin ditut. Horregatik, dantzaldia amaituta, denak festak ospatzera joango gara.

Eta gero parrandara?

Dantza taldekoak elkarrekin joango gara. Gaur, bederen, denak Alde Zaharretik ibiliko gara. Eta heldu diren egunetan koadrilako lagunekin aterako naiz.

Dokumentuaren akzioak