Dokumentuaren akzioak
Lehenbiziko etxez etxe egin dute Senpereko gazteek Hergarai auzoan
Ihauterien arte aste hondar guzietan eginen dituzte, geroz eta kantari eta dantzari gehiagorekin
Alaia Jauregi gazteak ongi adierazten duen bezala «azken urte horietan geroz eta kantari gehiago ginen etxez etxeetan, bainan dantzari guttiago. Nabardura bat ikusten dut haatik joan den urteaz geroztik: mutiko gehiagok dantzatzen badakite, gazteenak hartzen baitira Zirikolatz dantza elkartean, eta zaharrenek indar handi bat egin dutelakoz iaz. Izan ere, Maylis Lagasa herriko dantza irakaslearekin dantza zonbait ikasi dituztelakoz, Banakoa, Fandangoa, bertzeak bertze. Bertzalde guk emaiten ditugun kantuak egun guzikoak dira, eta ez bakarrik ihauterietakoak adibidez Larrekorenak nolaz ez, Nigarrez sortu nintzen, eta bertze zenbait».
Ihauterietako gustua nondik daukan galdegina, Alaiak dio «ttikitatik oroitzen naiz orduko gazteen etxez etxeko kantuez eta dantzez, xoratzen ninduten! Beraz aski goizik parte hartzeko gogoa piztu zait. Lehenik gazteen arteko lotura da, elkar ezagutzeko parada hots, zeren eta guk 21-22 urte ditugu, gazteenek 17 eta zaharrenek 27, eta honenbertzez ez gara beti elgarrekin egoten. Bisitatzen ditugun etxekoen ezagutza arras inportantea da. Zoritxarrez askotan erdaraz hasten gara mintzatzen jendeekin, bainan usu euskaraz ere emaiten dugu, eta askok atsegin dute ikustea eta aditzea herriko gazteek badakitela».
Hergarai auzoan ibili ondotik, aste hondar honetan Olha auzorat joanen dira gazteak etxez etxe egitera eta hurrengoan Urguri auzorat.
Inauteriak otsailaren 17an
Inauteriak otsailaren 17an ospatuko dituzte Senperen, larunbatarekin. Egitarau zabala dute aurten ere.
• 11.30ean: HERRITARREN APERITIFA karrika nagusian. Bakoitzak nahi duena ekartzen ahal du, zintzurrak bustitzeko (edariak, aperitifako pastizak…).
• 13:00etan: BAZKARIA Senpereko Gaztetxearen hanburgesekin.
• 15:30ean: ANIMAZIOAK Senpereko elkarteekin. KRAKADA krepak eta txokolo-esnearekin Zirikolatzekin.
• 16:00etan: Mutxikoak SALTOKA taldearekin.
• 17:30ean: DESFILEA animatua (ziganteak, gaiteroak, joaldunak, tanborrada…). Zanpantzarren AUZIA. Errea izanen ote da?
• 19:00etan: APERITIFA alaitua eta JATEKOA Senpereko ikastolarekin. Mozorro hoberenaren TXAPELKETA.
• 21:30ean: Gaualdia OXTIKENIAN. Karrika Nagusia hertsia izanen da.
Dokumentuaren akzioak