Herrigunetik auzoetara eramango dituzte musikako eta dantzako saioak Bizkargi dantza eta musika eskolakoek. Horretarako, I. Herritik Auzoetara egitasmoa prestatu dute. Horren nondik norakoak honela azaldu dituzte Bizkargikoek: "COVID-19ak eragindako egoera berri honen aurrean, ezinezkoa izan zaigu urtero antolatu ohi ditugun ekintzak aurrera eramatea, hala nola San Andres egunekoa, Taldez Talde eta Dantzari Txiki Eguna". Kontua era horretan izanda, egoerari aurre egin eta bestelako ekintza berri batzuk antolatzea erabaki du Azkoitiko musika eta dantza eskolak; I. Herritik Auzoetara da orain antolatu dutena.
Bizkargi dantza eta musika eskolak adierazi duenez, garai batean dantzen "indarguneak" herriko auzoak ziren, "haietan egiten zituzten erromeriak". Hori kontuan hartuta, herrigunetik auzoetara musika eta dantza eramatea erabaki dute. Hala, martxoaren 19rako, Azkoitiko bi auzotan bi hitzordu jarri dituzte, bi tokietan 10:00etan hasita. Urrategi auzoan, Bizkargi musika eta dantza eskolako 9, 10 eta 11 urteko ikasleak bilduko dira dantza eta musika saioa eskaintzeko. Era berean, Martirieta auzoan 12, 13 eta 14 urteko ikasle gazteak elkartuko dira. Auzo batean zein bestean, hainbat dantza eskainiko dituzte.
Musika eta dantza eskolak adierazi du bi saioak bideoz grabatuko dituztela eta gero hainbat bidetatik zabalduko dutela ikus-entzunezkoa.