Dokumentuaren akzioak
Lehen erromeria nazionala ospatuko da bihar, «Jalgi hadi dantzara!» lelopean
Bergaran izango da plazako dantzak berreskuratzeko asmoz antolaturiko festa
Azken urteotan behera egin du nabarmen erromerien ohiturak Euskal Herri osoan. Gutxi dira txistulari eta trikitilariek jotzen duten bitartean plazan dantzara irteten direnak. Garai batean mundu guztiak zekien fandangoa, arin-arina eta mutxikoak dantzatzen eta ez zekienak enparantzan ikasten zuen. Ikastoki hori desagertu egin da, ordea. Hori ikusita, kaleko dantzatoki haiek berreskuratu nahian, «Jalgi hadi dantzara!» ekimena sortu da aurten, Euskal Dantzarien Biltzarraren babesarekin. Erromeria nazionala iragarri dute, bi urtean behin antolatuko dena. Ekitaldi bakoitza toki desberdinean egingo da. Lehena Bergaran ospatuko da bihar. Goizetik hasiko da festa eta goizaldera arte luzatuko da egitaraua. Gipuzkoako Dantzarien Biltzarra, Bergarako Abarka elkartea, Xamatz dantza taldea eta Moises Azpiazu dantza eskolak bere egin dute antolaketaren ardura. Goizeko 11etan abiatuko da jaia. Ordu horretan, herriko plazan batuko da jendea, eta, gosaldu ondoren, auzoetara joango dira, han eta hemen pieza batzuk dantzatuz. Ondoren, ordubeteko ikuskizuna egongo da, 13.00etatik aurrera. Plazan jarri dute hitzordua. Eguraldiak ekitaldia ozto- patuko balu, frontoira eramango litzateke. Dantza sueltoan egiteko era desberdinak izango dira ikusgai: Bergara, Arratia, Nafarroa, Lapurdi eta Irun aldeko estiloak dantzatuko dira, besteak beste. Jarraian, herri bazkaria izango da. Hirurehun eta berrogeita hamar lagunek eman dute izena dagoeneko. Ekitaldi nagusia arratsaldeko erromeria izango da. 18.00etan hasi eta 21.00ak arte luzatuko da. Dantzan ez aritzeko ez da aitzakiarik izango, irakasle bat arituko baita oinarrizko pausoak irakasten. Txistua, alboka eta egunerako espresuki prestaturiko kopla berriak entzungo dira bertan. Eztandak eta Trikiziok itxiko dute festa. Bergararrek bizkaitarrei emango diete lekukoa, herrialde horretan izango baita 2004ko «Jalgi hadi dantzara!».
Dokumentuaren akzioak