Dokumentuaren akzioak
"Lehen bi postuetan egongo ginela pentsatzen genuen"
Euskal Herriko Dantza Solte Txapelketa irabazi duzue. Zorionak. Nola bizi izan zenuten eguna?
Katerin Artola: Azken aurreko postuan dantza egitea egokitu zitzaigun, beraz, pixka bat luze egin zitzaigun itxaronaldia. Gainera, txapelketaren hasieran berotzen eta entseatzen izan ginen, eta ez genuen asko ikusi. Gero, dantzan, gozatu genuen, gustura geratu ginen egindakoarekin, eta gure txanda amaitu zenean pozik geratu ginen.
Garaipenetik bi aste pasa dira. Orain, hotzean, zein sentsazio dituzue?
Artola: Momentua luze joan zen, baina orain, bi asteren ondoren, azkar pasa den egun bat bezala gogoratzen dut.
Zerk markatzen du diferentzia dantza batetik bestera?
Iker Belintxon: Gure kasuan fandangoa teknikoagoa dela esango nuke. Distantziak mantendu behar dira, eta oro har, teknika gehiago landu behar da. Aldiz, arin-arinean indar gehiago dago, jauziak… Amaiera denez, indarra nabarmentzen da batez ere.
Nolako entrenamenduak egiten dituzue?
Belintxon: Denboraldiarekin otsailean hasten saiatzen gara, txapelketen aroa maiatza aldean hasten baita, herrietako festekin. Astean ordu eta erdiko bi saio egiten ditugu, eta horietan alderdi fisikoa eta teknika asko lantzen ditugu. Lau minutuko iraupena dute dantzek, baina oso intentsua da tarte hori.
Euskal Herriko Txapelketa da Segurakoa. Esango zenukete hura dela, beraz, denboraldiko garrantzitsuena?
Artola: Bai. Telebista egoten da eta jende gehienak ikusten duen txapelketa da. Oihartzun handia duen lehia da, eta guretzat ere Euskal Herrikoa den heinean, garrantzitsua da Segurakoa. Denetatik garrantzitsuena.
Horrenbeste jendek ikusten duela jakiteak presioa sortzen du?
Belintxon: Nik uste dut presioa sortzen duela, baina gero norberak nola eramaten duen beste gauza bat da. Azken asteetan jende askok ematen dizkizu animoak, jendeak badaki Segurako txapelketa dagoela, eta horrek beti sortzen du presioa.
Lehenengo postu honek islatzen du bi urte hauetan egin dugun lan guztia. Katerin Artola.
Faboritoen artean zineten arren edozer gerta zitekeen. Espero zenuten lehenengo postua lortzea?
Artola: Jakin bagenekien hor ibiliko ginela, lehen bi postuetan egongo ginela suposatzen genuen, baina ez genuen espero. Duela lau urte ere irabazi genuen, eta hurrengo urtean hirugarren postuan geratu ginen; orduan, badakigu edozer dela posible. Baina esan bezala, espero ez genuen arren, bagenekien hor ibiliko ginela. Beti dago zalantza; izan daiteke baietz, baina izan daiteke ezezkoa ere.
Epaimahaiak zer baloratzen du teknikaz gain txapelketa horietan?
Artola: Lau atal dituzte balorazio orrian: teknika da bata; bigarrena, goialdeko mugimendua, hau da, besoak; bestea, alderdi artistikoa —bikoteak zer eskaintzen duen, koreografia, desplazamenduak…—, eta erritmoa litzateke azkena. Hala ere akatsekin osatzen duten beste atal bat ere badute epaileek.
Oiartzun eta Lezokoak zarete. Nola sortu zen dantzako bikote izatearena?
Belintxon: Aurten seigarren urtea egin dugu batera, 2019an hasi ginen. Aurretik beste bikote bat genuen biok, baina lehenago edo geroago biek utzi zuten. Orduan Katerini idatzi nion eta galdetu nion ea nahi zuen nire dantzako bikote izan. Baiezkoa esan zidan, eta ordutik, azken sei urteetan elkarrekin gabiltza topera entseatzen.
Sei urte horietan nola aldatu da Euskal Herriko Txapelketa?
Artola: Lehenengo urtean ni oso urduri nengoen. Hasieran ez ginen asko ezagutzen, eta lehen urte horretan konplizitate falta genuela esango nuke. Gure artean harremana ere ez zen oso ona, baina urteak pasa diren heinean gure harremana askoz hobea izan da, eta uste dut hori ere ikusi dela. Bestalde, dantza aldetik ere hobekuntza bat egon dela esango nuke. Urtetik urtera hobetu dugu.
Zeren arabera osatzen duzue urte bakoitzeko koreografia proposamena?
Belintxon: Zortzi pauso daude orotara dantza bakoitzean eta gutxi gorabehera markatuta dago noiz egin behar den mugimendu bakoitza. Bueltak, esaterako, egin behar dira hirugarren eta zazpigarren pausoetan; lehenengo eta bigarren pausoek antzekoak behar dute izan…
Artola: Bikote bakoitzak ematen dio bere puntua, aldatzen du pausoa bere erara, eta bere gustura jartzen du.
Belintxon: Hori da, baina saiatu behar gara ordena bat mantentzen. Denok jakin behar dugu hori dela lehen pausoa; hura bigarrena… Ezin ditugu, esaterako, bueltak bosgarren pausotan sartu.
Urte bakoitzerako sortzen duzue proposamen berri bat?
Belintxon: Hori bikotearen araberakoa izaten da. Guk, adibidez, pauso batzuk aldatu ditugu aurten eta urtean zehar ere aldatzen joan gara. Azkeneko txapelketetan ere aldatu ditugu pauso batzuk. Bikote batzuek agian lau urte daramate dantza berbera egiten.
Lau minutuko iraupena dute dantzek, baina oso intentsua da tarte hori. Iker Belintxon.
Nola deskribatuko zenituzkete zuen aurtengo arin-arina eta fandangoa?
Artola: Fandangoan esango nuke arriskatu egiten garela batez ere. Gainera, bueltetan bote asko egiten saiatzen gara eta pauso batetik beste batera pasatzeko buelta hori nabarmentzen saiatzen gara.
Belintxon: Orokorrean esango nuke dantzatzen dugula indar askorekin, eta hori dela erakusten duguna; indarra. Egunen batean dantza egiteko indarrik ez badugu nabarmendu egiten da. Esango nuke fandangoa oso zaila dela, eta ondo egiten dugunean oso ondo egiten dugula. Arin-arina fandangoa baino apur bat errazagoa da, baina indarrarekin egiten dugu dantza hori ere.
Zein dantza duzue gogokoen?
Artola: Biak, baina esango nuke arin-arina gailentzen dela. Finean, txapelketa askotan trikitiarekin jotzen dena delako. Txapelketa askotan fandangoa txistuarekin jotzen digute, beraz, guk beti nahiago arin-arina. Gainera alaiagoa da.
Belintxon: Nik ere arin-arina dut nahiago, bai.
Seguran hamahiru bikotetik bost zineten Oarsoaldekoak. Denek gainera maila ona erakutsi zenuten. Zer suposatzen du horrek zuentzat?
Artola: Hemen inguruan badaude bikote gehiago, eta horrek esan nahi du batez ere dantza solte txapelketak baduela presentzia gure eskualdean. Ezagutzen ditugu beste bikoteak osatzen dituzten kideak.
Dantza egiteko orduan nabaritzen da antzekotasunik eskualde bereko dantzarien artean?
Belintxon: Bai, bai. Eskola batzuk oso markatuta daude. Lezon, adibidez, beti dantzatzen da berdin: indarrarekin, salto askorekin… Azpeitiko eskola bera ere oso markatuta dago; besoak mugitzeko joera ezberdina da haien kasuan. Bergarakoek ere badute haien berezitasuna; oso puntetan egiten dute dantza. Toki bakoitzak bere erara dantzatzen du.
Iazko Euskal Herriko Dantza Solte Txapelketatik hiru postu igo dituzue. Zer egin duzue horrenbeste postu igotzeko urte batetik bestera?
Artola: Lehengo urtean beste irakasle batekin hasi ginen entseatzen, eta uste dut lehenengo postu honek islatzen duela bi urte hauetan egin dugun lan guztia. Entseguak askoz gogorragoak izan dira bi urte hauetan, eta beraz, uste dut hori dela sekretua nolabait esatearren.
2020an ere irabazi zenuten txapelketa hau, pandemia garaian. Nolako giroa zegoen urte horretan?
Belintxon: Askoz hotzagoa izan zen. Arraroa zen dena. Edukiera mugatua zen, eta bertaratu zen jendea, normalean baino askoz gutxiago izan zena, musukoarekin zegoen. Guk ere musukoak genituen oholtza gainean ez geunden une bakoitzean. Soilik dantza egiteko unean kentzen genuen musukoa. Arraroa izan zen dena.
Katerin, zuk bakarka ere irabazi izan duzu Euskal Herriko Aurresku Txapelketa. Zein alde dago bakarka eta bikotean irabaztearen artean?
Artola: Bakarka dantza egitean dena da norberaren ardura, bai ondo ateratzen dena, bai eta gaizki ateratzen dena ere. Binakako entseguak beste mota batekoak dira, eta gainera ez nago bakarrik, horrek ere markatzen du diferentzia. Aurreskua dantza bera serioa da, eta fandangoa zein arin-arina alaiagoak dira. Aurreskuko entseguak askoz gogorragoak egiten zitzaizkidan eta hori hein handi batean bakarrik nengoelako izaten zen.
Behin sari hau irabazita, zein dira etorkizunerako dituzuen asmoak?
Artola: Jada erabaki dugu etapa hau amaitutzat emango dugula, beraz, denboraldiko azken txapelketa Azpeitikoa izango da, santomasetan. Txapelketa horretan parte hartuko dugu, eta gero dantza solte mundua behintzat guk, dantzari moduan, alde batera utziko dugu.
Eta bakarka dantza egitea pentsatu duzue?
Belintxon: Ez, ez dugu jada bakarka dantzarik egiten.
Artola: Hori da. Biok egiten genuen lehen bakarka dantza, baina hori utzi genuen.
Belintxon: Fandango eta arin-arinarekin ez dugu jarraituko, ez gure artean ez beste inorekin. Txapelketa guztiak utziko ditugu.
Zaila izan al da erabakia hartzea?
Belintxon: Tira, azkeneko urteetan behin baino gehiagotan komentatu dugu maldan gora ari zitzaigula egiten hau guztia. Denboraldia luze egiten zitzaigun; batzuetan gustura geunden, baina beste batzuetan ez horrenbeste. Ez gure artean, baizik eta txapelketetan sortzen den giroarekin.
Duela bi urte utziko genuela uste izan genuen, baina nik lesio bat izan nuen eta ezin izan genuen dantzatu txapelketa askotan. Gainera, pasa den urteko Euskal Herriko Txapelketan egindakoarekin ere ez ginen oso gustura geratu. Ez genuen asko entseatu eta gaizki samar iritsi ginen saiora. Orduan topera hasi ginen, inoiz baino lehenago hasi ginen prestatzen eta argi genuen azkeneko txapelketa izango zela aurtengoa, irabazi edo ez.
Azpeitira, beraz, topera joango zarete, ezta?
Artola: Hori da. Azkena izanda berezia izango da hitzordua.
Belintxon: Presiorik gabe joango gara bertara. Txapelketa nagusia irabazi dugu dagoeneko, eta hori zen gure aurtengo helburua, beraz, Azpeitikoa agur esateko modu bat izango da guretzat. Bide batez, eskerrak eman nahi dizkiot lagundu gaituen jende guztiari: irakasleari, Dantzaguneari, lagunei, gurasoei eta baita familiari ere, beti daudelako gure ondoan.
Artola: Gu ikustera joan ziren guztiei ere eskerrak eman nahi dizkiegu.
Dokumentuaren akzioak