Dokumentuaren akzioak
Lege-izaera lortu du Gral Belgranoko Gure Etxea euskal etxe berriak eta euskal dantza ikastaro irekia eskaini du
Dantzaren Nazioarteko Egunaren baitan egin zituzten dantza erakusketa eta klase irekia Buenos Aires probintziako Gral. Belgranoko Euskal Etxeko lagunek. Ekitaldia ‘Ana Clara Dominguez’ Dantza Eskolan izan zen eta saioa egitearen ardura Mariano Andoni Azcaratek bereganatu zuen. Gogora dezagun Azcarate dantzaria ez ezik, La Platako Euzko Etxeko dantza taldeen zuzendaria ere badela.
Adin guztietako lagun talde polit batek hartu zuen parte klasean eta mota askotako dantzak aurkeztu zituen irakasleak. Dantza egiteko momentuan, ordea, hasi berrientzako pausoak eta dantza biribilak irakatsi zituen gazte laplatatarrak.
Baina beste bi berri garrantzitsu ere baditu Gral. Belgranoko Gure Etxea-ko talde sortzaileak. Batetik egoitza propioa lortu berri duela, elkarteko batzordekide duen Carricaburu Jaunak utzitako etxe batean. Bestetik, apirilean izaera juridikoa lortu duela.
Orain, euskal etxearen lege-izaera eskuetan, hainbat ekimen garatzeko planetan da, hala nola pilota eta sukaldaritza tailerrak, kultur hitzaldiak, zine zikoa... Dantza klaseei dagokienez, Ana Dominguezen eskura daude.
Gure Etxea-ko Zuzendaritza Batzordea honakoek osatzen dute:
-Lehendakari: Joty Mayoz
-Lehendakariorde: Hector Carricaburu
-Idazkari: Sonia Etchelet
-Diruzain: Hugo Mandagaran
-Kontu ikuskatzaile titularrak: Ana Lia Carricaburu, Guillermo Gorostiague
-Batzordekide titularrak: Emilia Arredondo, Dora Alberro, Elisa Bigres
-Batzordekide ordezkoak: Laura Arredondo
Facebook bidez kontakta daiteke elkarte berriarekin, Gure Etxea (Centro Vasco Gral Belgrano) izenpean dagoen kontuan.
Gral. Belgranoko Euskal Etxeko lagunak, dantza klasean
Dokumentuaren akzioak