Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Legazpin elkartutako dantzari txikiak, eguraldi aldrebesari aurre eginez

Dokumentuaren akzioak

Legazpin elkartutako dantzari txikiak, eguraldi aldrebesari aurre eginez

Korosti dantza taldeak antolatuta, 400 inguru dantzari elkartu ziren atzo Legazpiko topaketaren 36. edizioa ospatzeko. Eguraldiak aldaketak eragin zituen egitarauan.
Egilea
Tere Madinabeitia
Komunikabidea
Goierriko Hitza
Tokia
Legazpi
Mota
Albistea
Data
2023/04/24
Lotura
Goierriko Hitza

Eguraldiak hankaz gora jarri zion atzo egitaraua Legazpiko Dantzari Txiki egunari, baina aldaketa eta guzti, giro ederrean ospatu zen Korosti dantza taldeak antolatutako topaketa, 400 inguru dantzari txiki eta gaztetxoen partaidetzarekin.

Korostik gonbidatuta, Antzuolako Oinarin, Urretxuko Lurra, Oñatiko Oñatz, Urretxuko eta Zumarragako Irrintzi, Getxoko Itxas Argia, Beasaingo Aurtzaka, Iruñeko Oberena, Gasteizko Indarra eta herriko Sustraiak taldeek parte hartu zuten, musikari ugarirekin batera.

Goizean Legazpira iritsitakoan, Azokan egin zuten topaketa Laubiden egin beharrean, eta eguerdi aldera, Nafarroa kaletik eta Kale Nagusitik plazaraino desfile txiki bat egiteko tartea utzi zien eguraldiak dantzariei. Ondoren, plazako ekitaldi nagusia Azokara eta Urbeltz pilotalekura eraman zuten, eta bertan jardun zuten dantzan talde guztiak. Bazkaltzeko tartearen ondoren, berriz elkartu ziren guztiak Azokan eta Urbeltzen, eta beste dantza saio batekin amaitu zuten Legazpiko Dantzari Txikien 36. edizioa.

Korostiren balorazio positiboa
Danzari Txiki egun honen balorazio positiboa egin dute antolatzaileek, “eguraldia ez genuen lagun izan eta horrek pilotalekuko aforoarekin batera dantzari txikiak bi gunetan banatzea ekarri zuen, baina traba guztien gainetik egun polita izan zen”. Bai haurrak eta bai begiraleak oso gustura egon zirela ere gehitu dute, eta haur guztiak dantzan eta dantzaz gozatzen ikustea “plazer bat” dela esan dute.

Bestalde, Korostik eskerrak eman nahi die bertaratu ziren talde eta ikusle guztiei, “eguraldi txarra medio egin beharreko aldaketekin izandako pazientziagatik”. Eskerrak luzazen dizkie, baita ere, baita ere Goiz Deiako txistulariei, Tolosako dultzaineroei eta “haurrei bazkaltzen ematen lagundu ziguten zazpi elkarteei: Ilintxa, Izadi zaleak, Lagunartea Berri, Lekanazpi, Muruazpi, Okila eta Ontto Beltz”.

Legazpiko egunarekin Korostik aurtengo dantzari txiki egunen erronda hasi dute, eta orain, “beste herrietara joateko desiatzen” daudela nabarmendu dute.

 

 

 

Dokumentuaren akzioak