Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Legazpiko erraldoiek festa erraldoia ospatuko dute larunbatean

Dokumentuaren akzioak

Legazpiko erraldoiek festa erraldoia ospatuko dute larunbatean

Sorpresaz eta gonbidatu bereziz beteriko ikuskizuna izango da, eta musika eta dantza ez dira faltako. Konpartsarentzat Doinuzar gaiteroek sortutako doinu bat estreinatuko dute. Amaieran photo-call bat egingo dute.
Egilea
Tere Madinabeitia
Komunikabidea
Goierriko Hitza
Tokia
Legazpi
Mota
Albistea
Data
2024/02/29
Lotura
Goierriko Hitza

 

Legazpi erraldoi konpartsako kideak eta sei erraldoiak, iazko iraileko alardean parte hartu zuten beste erraldoi batzuen ondoanLEK

Sorpresaz beteriko ikuskizuna izango dela agindu dute konpartsako kideek, eta sei erraldoiez gain, «gonbidatu oso-oso bereziak» izango dituztela ere bai. Musika eta dantza uztartuko dituen ikuskizuna izango da, adin guztietako publikoari zuzendutakoa.

Musikaz, Goiz Deia bandako txistularik, herriko hainbat musikarik eta Iruñeko Doinuzar gaiteroak arduratuko dira. Dantzaz, berriz, erraldoiekin batera, Sustraiak eta Korosti taldeetako dantzariak. Gaiteroen eskutik iritsiko da, hain zuzen, sorpresetako bat, Legazpiko konpartsarako doinu bat sortu dutelako, jota bat, eta ikuskizunean zehar estreinatuko dutelako.

Beste sorpresa bat jaialdiaren ondoren etorriko da, Azokan photo-call bat antolatuko dutelako, txikiek erraldoiekin argazkiak atera ditzaten.

Errifak, kamisetak eta Bruno eta Pakita txikiak
Biharko jaialdian zehar, bestalde, errifak izango dituzte salgai konpartsakoek, eta era askotako produktuz beteriko saski bat zozkatuko dute. Konpartsak atera dituen kamiseta berriak ere salgai izango dira.

Eta nola ez, Bruno eta Pakita erraldoien panpinak erosteko aukera ere izango da. Gomazko bi erraldoi txiki horiek arrakasta handia izan dute, eta ale asko eta asko saldu badituzte ere, oraindik badituzte gehiago, bikotea 25 euroan. Konpartsako Mikel eta Mikele eta Antton eta Anttoni beste bi bikoteen erreplika txikiak egitea ere ez dute baztertzen, «oso garestia» den arren.

LEK, osasuntsu
Legazpiko konpartsa (LEK) osasuntsu dago azken aldian. Une honetan bederatzi heldu eta bederatzi gaztetxok osatzen dute taldea, baina bertara hurbildu nahi duten guztientzat irekita dituzte ateak.

Partaide kopuruarekin ez dute arazorik, bai ordea kalera ateratzen direnean egiten dituzten dantzak entsegatzeko, ez dutelako lokal egokirik. Harremanetan daude horretarako udalarekin.

Agendarekin ere ez dute arazorik, oso betea dutelako. Lazkaon dute lehen hitzordua, jaietan. Hurrengoak Legazpin bertan izango dira, Santikutzetan: apirilaren 30ean, maiatzaren 2an, 3an eta 5ean aterako dira kalera. Uztakalen ere egingo dute ohiko kalejira, uztailaren 18an, eta bi egunetara, uztailaren 2an, Gasteizen, Arai konpartsak gonbidatuta. Nafarrora joango dira hurrengoan, Berriozarrera, abuztuaren 31n, eta irailean Agorreko Santikutzetan izango dira, jaiei hasiera emango dien kalejira egiten lehenik, eta azken urteetako alardearen edizio berri batean gero.

Hitzordu gehiago ere joango dira sortzen hemen eta han, eta Legazpiko konpartsari dagokionez behintzat, haurrak ez dira erraldoirik gabe geratuko.

Dokumentuaren akzioak