Led Silhouette dantza konpainiak 'Halley' aurkeztu du Bilboko Udalaren Azkuna Zentroan ostegun honetan, apirilaren 25ean, eszenAZ zuzeneko arteen denboraldiaren baitan. Euskal taldearen proiektu berria ikusle guztientzat pentsatuta dago eta antzinarotik aldatu ez diren giza esperientziei eta gizakiaren galdera handiei heltzen die.
Azkuna Zentroko iturriek jakinarazi dutenez, Jon Lopezek eta Martxel Rodriguezek zuzenduta, Katalin Arana, Lucia Burguete, Marina Fullana, Laura Lliteras, Marcos Martincano, Nicolas Martinez, Edoardo Ramirez eta Diego Pazok interpretatu dute dantza ikuskizuna. Emanaldia 19:000etan hasi da, auditoriumean.
Bere sortzaileentzat, 'Halley' "eraikitzen edo deseraikitzen ari den leku bat da, bizi garen gizarteren alegoria bat, non zama handiak daramatzaten, ibiltzeke dauden eta zoriontasunetik bereizten dituzten ustekabeak eta akatsak gainditu nahi dituzten pertsonaiak elkartzen diren istorio berri bat kontatzeko".
"Aro honetako seme-alabak garenez, nekatuta gaude gure existentzia etengabe justifikatu behar izateaz. Ikasi dugu entzun nahi diguten moduan hitz egiten. Jatorri bat bilatzen saiatzen garenean, ezinezkoa zaigu ez sentitzea ezinbesteko sentimendu hori, gure aurrekoen istorioak ezin ezagutu ditzakegula ikustean agertzen dena. Beste gorputz batzuez eginda dauden gorputzak gara, mendeetan barrena ezin konta ahala aldiz elkartzen direnak", azaldu dute.
Martxel Rodriguezek eta Jon Lopezek zuzentzen dute Led Silhouette sormen kolektiboa. Dantzaren hainbat diziplinatan trebatuta daude, arte garaikidearen eraginak dituzte eta, aldi berean, La Veronal konpainian aritzen dira.