Laura Bastidak (Urrestilla, 2001) eta Ekain Uzkudunek (Azpeitia, 2001) urteak daramatzate elkarrekin dantza egiten, eta joan den igandean Gipuzkoako Dantza Suelto Txapelketa irabazi zuten.
Espero al zenuten Gipuzkoako txapela irabaztea?
Laura Bastida: Nik, pertsonalki, ez nuen espero irabaztea. Oso bikote eta dantzari onak ziren gainontzekoak, eta zaila izaten da horrelakoetan txapela lortzea.
Ekain Uzkudun: Ez berak, ez nik, ez genuen espero txapela irabaztea.
Nola bizi izan zenuten igandeko eguna? Nola joan zen txapelketa?
E. U.: Gogoan dut denboraz larri ibili ginela, eta korrika eta preska joan ginela Errenteriara, garaiz iritsiko ote ginen kezkatuta. Iritsi ginenean, beste txapelketa bat ari ziren jokatzen han, eta hura ikusiz, denbora pasatu genuen.
L. B.: Niretzat, aldiz, oso egun berezia izan zen; izan ere, nire urtebetetze eguna zen, eta, beraz, egun borobila izan zen. Oso gustura eta pozik igaro nuen eguna.
E. U.: Ondo ospatuta gelditu zen Lauraren urtebetetzea.
Txapelketa asko irabazi dituzue, baina aurtengo Gipuzkoako Dantza Suelto Txapelketa irabaztea izan al da lorpen handiena?
L. B.: Bai, hala esango nuke behintzat.
E. U.: Irabazitakoez ari bagara, bai, hori izan da lorpen handiena. Horrez gain, Euskal Herriko txapelketan bigarren eta hirugarren postuak eskuratu genituen, baina txapela oraingo honetan lortu dugu.
Gipuzkoako lehen txapela lortu duzue. Inoiz baino hobeto dantza egin zenuten sentipena al duzue?
E. U.: Ni oso gustura gelditu nintzen dantza egin eta gero. Gainera, irakasleari galdetu genion ea zer moduz ikusi gintuen, eta hura ere ikaragarri gustura zegoenez, sentipen onarekin gelditu nintzen, egindakoarekin lasai.
L. B.: Ni, egia esan, dantza egiten dudan momentuan ez naiz ohartzen ondo ala gaizki ari naizen. Jarraitu behar ditudan pausoetan jartzen dut arreta guztia. Amaitutakoan irakasleari galdetzen diogu, eta hark ondo egin dugula esanez gero, horrekin nahikoa izaten dut.
Denbora asko daramazue elkarrekin dantza egiten; gutxi izango dira horrenbeste denbora elkarrekin daramaten bikoteak. Hori al da zuen sekretua?
L. B.: Urte asko daramatzagu elkarrekin dantza egiten, 9 edo 10 urte genituenetik gaur arte, gutxi gorabehera.
E. U.: Guk elkarrekin daramatzagun adina urte elkarrekin daramatzan beste bikoterik ez dago momentu honetan; badira, ordea, zertxobait geroago elkarrekin hasi zirenak. Gu izango gara, ordea, denbora gehien elkarrekin daraman bikotea.
L. B.: Ezingo nuke esan non dagoen gure sekretua, edo, agian, ez dakit non dagoen. Ez dakit denbora kontua al den; izan ere, badira dantzan denbora gutxiago daramaten eta oso ondo moldatzen diren dantzari bikoteak ere.
E. U.: Hori horrela da; badira oso maila oneko bikoteak ere. Hala ere, egia da Laurak eta biok oso ondo ezagutzen dugula elkar, eta horrek asko laguntzen du.
Nola prestatzen zarete txapelketatetarako? Asko entseatzen al duzue?
L. B.: Urte guztian berdin entseatzen dugu; hau da, ez dugu gehiago entseatzen txapelketa baten atarian. Astean bi aldiz egiten ditugu entseguak.
E. U.: Entsegu bakoitza 45 minutu edo ordubete bueltakoa izan ohi da, eta urte guztian zehar egiten ditugu saioak, gainera. Astebete edo bi aste izaten ditugu oporretarako.
L. B.: Gabon garaian izaten ditugu oporrak, edo, bestela, oporretan kanpora joanez gero, une horiek ere aprobetxatzen ditugu atsedena hartzeko.
Laura, zeintzuk dira Ekain dantzariaren alderdi onenak?
L. B.: Nire ustez, ez dago alde on bat. Oso ondo moldatzen gara, eta denborarekin konfiantza irabazi dugu. Elkar asko animatzen dugu, eta une honetan, oso eroso sentitzen garela esango nuke.
E. U.: Guztiz ados nago Laurarekin. Entseguetan ere giro oso ona izan ohi dugu: biok beti dugu irriibarrea ahoan; oso antzekoak gara zentzu horretan.
L. B.: Oso pertsona alaiak gara biok, eta hori dugu indargune nagusia dantza egiteko orduan.
Uda garaian izaten dituzue txapelketa gehienak. Nola dator aurtengo uda zuentzat?
L. B.: Gipuzkoako txapelketaren ondoren, Azkoitiko Andre Mari festetan izango dugu hurrengo lehiaketa.
E. U.: Azkoitikoaren ondoren, berriz, Elgoibarren izango dugu hitzordua, eta garai bortitzena iraila hasiera izango da: Zarautzen, Donostian eta Lekeition [Bizkaia] lehiatuko gara.
Urrian jokatuko dute Euskal Herriko Dantza Suelto Txapelketa, eta han parte hartzeko izena eman behar da. Parte hartuko al duzue?
E. U.: Izena eman behar izaten da, bai, baina aurten ez gara han izango, Laura ez da Azpeitian egongo eta.
L. B.: Atzerrira noa ikasketak egitera, Erasmus programarekin, eta, beraz, ez naiz izango txapelketan parte hartu ahal izateko moduan. Bestela, parte hartuko genukeen, baina, pena handiz, ezingo dugu.
E. U.: Hurrengo baterako utzi beharko dugu.