Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Lau estreinaldi eskainiko ditu aurten Thierry Malandainen lan batekin abiatuko den Maitaldiak

Dokumentuaren akzioak

Lau estreinaldi eskainiko ditu aurten Thierry Malandainen lan batekin abiatuko den Maitaldiak

Egilea
Joxean Agirre
Komunikabidea
Gara
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2001/08/31

Thierry Malandainek, Biarrizko Balletaren zuzendariak, Serge Prokofieven musikaz baliatuz Florida Balletarentzat prestatu duen "La fleur de pierre" izeneko koreografia estreinatuz abiatuko da Biarrizko Maitaldia (Le temps d''aimer) irailaren 7an eta irailaren 22an berriro ere Prokofieven pieza batean oinarritutako Maguy Marinen koreografia bat agertokian jarriz itxiko dute.

Bi egun horien artean hamahiru talde handi pasatuko dira Bizrrizko Geltoki Zahar, Udal Kasino edo Koliseoko agertokietatik. Hala adierazi zuten Biarritz Cultureko ordezkariek atzo Donostian eskaini zuten prentsaurrekoan, Thierry Malandain, Biarrizko Balleteko zuzendari eta Maitaldiko zuzendari artistikoa, eta Jakes Abeberry, Biarritz Cultureko lehendakaria, buru zirela Gipuzkoako hiriburura etorri baitziren.

Jaialdiko zuzendari artistikoak, Thierry Malandainek, aurtengo programaren ardatz nagusiak aipatu zituen, «zaharraren eta berriaren arteko oreka bilatzen saiatu gara, ezagunagoak direnak eta erabat berriak direnak txandakatuz». Eta, lokarri gisa, Serge Prokofiev aukeratu dutela nabarmendu zuen, musikagile horren pieza baten baliatuz egin baitu berak "La fleur de pierre" izeneko koreografia jaialdia zabaltzeko eta musikagile haren beraren musikan oinarriturik egindako beste koreografia batekin emango baitiote amaiera jaialdiari.

Egitarauak klasikoa eta gaurkoa, flamenkoa eta barrokoa nahastuko ditu, dantzaren ikuspegi erabat zabala eskainiz.

Egunez egun

Irailaren 7an eta 8an Florida Ballet estatubatuarrak Thierry Malandainen "Le fleur de pierre" koreografiaren estreinaldia egingo du gaueko bederatzietan Geltoki Zaharrean.

Irailaren 8an, halaber, kaleko dantza saioak eskainiko ditu Compagnie Vendaval frantziarrak. Ikuskizunaren izena "Racontez-moi" da.

Irailaren 9an hondartza handian «barra erraldoia» izeneko ikuskizuna egingo dute goizeko hamaiketan hasita. Pantxika Telleriak prentsaurrekoan adierazi zuenez, Donostian Dantzaren Egunean dantza eskoletako ikasleek Kontxako barandilan egiten duten ikuskizunetik hartu dute ideia.

Irailaren 10ean Udal Kasinoan dantza garaikidea egiten duen Alias Compagnie suitzarrak "L''odeeur du voisin" koreografiaren estreinaldia eskainiko du.

Irailaren 11n Herbehereetako Galili Dance taldeak "For many days now" Estatu frantziarrean estreinaldia izango den lana erakutsiko du eta ondoren beste pare bat koreografia Udal Kasinoan. Irailaren 12an L''eventail konpainiak dantza barrokoaren erakustaldia egingo du Udal Kasinoan eta egun berean eta biharamunean Erika Winkler konpainia frantsesak "Farfum flamenco" izeneko estreinaldia emango du. Lehen aldiz Asiatik Biarritzera datorren talde baten, Singapore Dance Theatreren, emanaldia izango da 14an. Victor Ullate etorriko da 15ean eta 16an berriz. Irailaren 16an "Bal room dancing" filma emango da eta Flagrants Desirs konpainia (17an), Hélice konpainia (18an), Europe Dance (19an), Faizal Zeghoudi (20an) eta Lyongo Operako Ballet Nazionala (21 eta 22an) dira Biarriztik pasatuko diren gainerakoak. Dantza ikastaroak, erakusketa bat eta hilaren 7an eta 16an Donostia eta Irundik antolatuko diren autobusak dira berri nagusiak.

Dokumentuaren akzioak